KONGRESUA
Ia urtebete pasa da EH Bilduko ordezkari gisa Kongresurako eserlekua lortu zenuenetik. Abenduaren 20an izan ziren Hauteskundeak aurrenekoz; eta ekainaren 26an bigarrengoz. Zein balorazio egiten duzu orain arteko ibilbidearen inguruan?
Hilabete nahasiak izan dira, jarduera normalik ez baitu izan Kongresuak. Hala ere balio izan dit hango martxa zein den jabetzen hasteko eta gainerako alderdietako kideekin hartu-emanak hasteko.
Jarduneko gobernua izan da ordutik. Zertan eragin du horrek?
Bereziki eragin du Gobernua kontrolik gabe aritu dela, jarduneko izateak hori ekidin egiten duen aitzakiarekin; baina aldi berean, erabaki garrantzitsuak eta larriak hartu ditu: tartean, EAEn eta Nafarroan erakundeek hartutako erabaki zilegien aurka epaitegietara jotzea; eta baita ere, eskuduntza esklusiboak eta arlo sozialari dagozkion atal garrantzitsuetan ere. Horrek agerian utzi du erabaki tresna gutxi ditugula, eta Espainiako Gobernuarekin alde biko harremana, berdinen artekoa, ezinezkoa dela. Hori beste alderdi batzuekin batera landu beharreko esparrua dugu, gurean hartzen diren erabakien zilegitasuna eta errespetua.
Igandean PSOE alderdiak abstenitzea erabaki zuen. Presidentea aukeratzeko bozketa egin zenuten ostegunean, eta Mariano Rajoyk ez zuen gehiengoa lortu. Gaur izango duzue bigarren bozketa, eta PSOEk iragarritako abstentzioarekin, Rajoy izango da beste lau urtez Espainiako Estatuko presidentea.
Ikusi beharko da agintaldia amaitzera iritsiko den. Rajoy presidente izatea albiste txarra da, euskal herritar gehienok eskatzen dugun sakoneko aldaketa egiteko. Are gehiago, berehalakoan murrizketa gehiago ekarriko ditu gobernu berriak, jendearen beharren aurretik, Europaren aginduak betetzea baitu helburu, eta pobrezia, prekarietatea, eskubide murrizketa berriak izango dira ondorioz. Bake eta normalizazioan blokeoa mantentzeko arrisku larria dugu eta erabakitze eskubidearen aitortzarik ez da etorriko Madrildik. Alegia, agerian geratu da Espainia demokratizatzeko aukerarik ez dagoela, PSOEk abstentzio bidez koalizio handiaren alde egin du, 78 erregimena mantentzearen alde egin du, PPrekin batera Espainiaren batasuna beste gauza guztien aurretik jarriz. Beraz, euskaldunoi, katalanei bezala, gure bidea egitea, besterik ez zaigu geratzen, aurrera egingo badugu.
Marino Rajoy presidente izendatuta, zein izango da Kongresuko sentsazioa?
Betikoan jarraitzeari bidea irekitzen zaionaren sentsazioa, atzerapausu gehiago ematea ez bada. Erabakitze eskubidearen alde gaudenon indarrak erabakigarriak izan dira 10 hilabetez gobernu osaketa atzeratzeko. Hain zuzen ere horrexegatik, oinarrizko eskubide demokratikoa den honi zirrikiturik txikiena ez irekitzeagatik, PPren aldeko hautua egin dute. Denon bistan geratu da zer esan nahi duen honek. Aurrera egiteko modu bakarra da gure prozesu propioa egitea, ziurtasun osoa dugunon konbentzimentua areagotu denaren sentsazioa daukat, ageriagoan geratu dela alegia.
PSOEren krisiarekin jarraituz, nola bizitu duzue zuek Kongresuan?
Beste alderdien gauzetan gehiegi sartzearen aldekoa ez banaiz ere, agerikoa izan den neurrian, bizitu egin dugu. Agerian utzi dute beraiek ez zirela benetako aldaketa aukera horren parte; oso modu traketsa erabili dute, eta denon bistan geratu da zeintzuk mugitzen dituzten hariak kanpotik.
Funtzioetan egon arren, erabaki garrantzitsuak hartzeko atarian izan zarete. Orain hamabost egun alderdi guztiek adostutako testu bat onartzeko zorian izan zineten biktima guztiak errekonozitzen zituena, gatazka guztiak...zer gertatu zen?
Gure eskuetara azken unean iritsi zen, eta derrigorrezkoa ikusi genuen hiru hitz aldatzea babestu ahal izateko. Pertsona guztiak ez dira eskubide guztien jabe, eta elkarbizitza etorkizuneko erronka gisa ikusten dugu egungo errealitate baino: biktima guztiak aintzat hartu behar direla uste dugu, inor bazter utzi gabe. ETAren armagabetzeaz arduratzea dagokigu, ez desegin behar duen ala ez erabakitzea. Hala jakinarazi genien beste taldeei eta berehala onartu zituzten gure aldaketa proposamenak, denek PPk salbu. Ondorioz ez zen ezer onartu, baina nik eskertu egin nahi dut kontsentsu zabalagoen bila ahalegindu zirenen jarduna eta orain posible izan ez dena etorkizunean lortzea espero dut. Gu ahaleginduko gara horretan; elkarbizitzarako oinarri sendoak lortzeko bidean eta gertatutako guztia kontuan har dadin, egungo giza eskubideen bortxaketak gainditzetik hasi behar dugu, presoen egoera kasu.
Talde mistoan dago EH Bildu Kongresuan. Nolako harremana duzue gainerako alderdi politikoekin?
Batzuekin besteekin baino harreman gehiago dugu. Pertsonen araberakoa ere bada. Horregatik PP edo PSOEk uko egin izan diote gurekin harreman ofiziala izateari, baina bi alderdiotako eta gainerako taldeetako kideekin harremana izan badugu. Gu ahaleginduko gara elkarrizketa bideak irekitzen, horrek eramango baikaitu, arlo guztietan, etorkizuna ondo eraikitzera. Elkarrizketara irekiak gaude, guk ez diogu inori aterik ixten.
Zer espero du EH Bilduk Kongresuan egingo dituen lau urte hauetaz?
Ez dut itxaropen gehiegirik benetako aldaketa eta demokratizazioari biderik irekiko zaionik, baina estatuaren krisiaren aurrean nola halako aldaketaren bat proposatuko da eta hor izango gara egin asmo izango dutenaren atzean zer dagoen biluztu eta agerian uzteko. 78ko erregimena mantentzea dute helburu, eta egitekotan azaleko aldaketak egingo dituzte, zerbait aldatzen denaren itxura emanez, ezer ez aldatzeko.
Egiten duzuen lanak fruituak ematen al ditu? Baloratuta sentitzen al zarete?
Guretzat benetan balio duena da, gugan konfiantza jarri dutenek eta euskal herritarrek gure lanari zentzua ikustea. Toki arrotza izan arren, jakitun gara gugan eragina duten erabaki asko bertan hartzen direla, jendeak ulertzen du bertan gu ez bagaude hainbat kontu ez dituela beste inork defendatuko. Hori kalean helarazten digu jendeak, bere babesa eskainiz, eta hori gauza haundia da.
Madrileko lana Kongresuan bukatzen da, ala Madriden egote hori aprobetxatzen duzue beste eragile etab. biltzeko?
Ez da lan politikoa inoiz, ez Madrilen, ez hemen, erakunde barruan egiten denera mugatzen. Kanpoan, beste eragile politiko edo sozialekin harremana izatea ere oso garrantzitsua da, eta horretan ere ari gara pixkanaka.
AKTUALITATE POLITIKOA
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak izan berri dira. EH Bildu pozik da lortutako emaitzarekin. EAJk PSE-EE alderdiarekin egongo al du azkenean akordioa?
Badirudi baietz, EAJk orain artekoan jarraitzeko hautua egingo duela, herri hau ukatzen dutenekin lotuta jarraitzearen alde egingo duela. Guk uste dugu herri akordio haundien unea dela eta horien alde lanean jarraituko dugu, baita Lehendakaria aukeratu ostean ere, ez baita gobernagarritasunari mugatutako eskaintza.
EH Bilduk behin eta berriz plazaratu du akordio haundiak lortzeko nahia. Datozen lau urteak klabea izango al dira horretarako?
Herri bezala eta gutako bakoitzak etorkizuna gaurtik hasi behar dugu eraikitzen, eta horretarako beharrezkoa da alderdiok, eragile sozial eta sindikalekin, gehiengoaren beharrei eta nahiei erantzutea, bai arlo sozialean, bake eta elkarbizitzan zein erabakitze eskubideari dagokionez. Erabakiak hartu, argi hitz egin eta urratsak egiteko unea da.
«Politikan orain arte izandako ibilbidean, Alkate lanarekin geratuko nintzateke»
‘Gertuagotik’ atalean Beitialarrangoitiak Kronikari kontatu dizkio gainerako alderdiekin duen harremana, Madrilera joan-etorriak...
GERTUAGOTIK
Mariano Rajoyk EH Bildurekin ez hitz egitea erabaki zuen. Marian Beitialarrangoitiak hitz egin al du Rajoyrekin? Zein izan da orain arteko harremana?
Ez dut zuzenean hitz egiteko aukerarik izan, baina posible balitz egingo nuke. Nik beti uste izan dut, oso ikuspegi ezberdinak izanda ere, hitz egin behar dela, eta hortaz aukera ematen badit hitz egingo dut berarekin.
Erregearekin ez biltzea erabaki zenuten. Ez al duzu ezagutzeko kuriositatea?
Kontua ez da pertsona bezala ezagutzea, garrantzitsua izan daiteke bere egitekoa egoerari erantzuteko borondatea balu. Hala eskatu genion orain bost urte Aieteko Konferentziaren ondoren eta ikusi besterik ez dago egoerak blokeatua jarraitzen duela.
Egunerokoan, zein da alderdi nagusiekin duzun erlazioa? PP, PSOE, Unidos Podemos, Ciudadanos, EAJ, Convergència, Esquerra Republicana...
Zalantzarik gabe katalanekin edo jeltzaleekin dugu harreman estuena, baita Elkarrekin Podemoseko ordezkariekin ere. Gainerakoekin bereziki partekatzen ditugun batzordeetan dugu gertuagoko harremana, baina oraindik martxa arruntari ekin ez diogunez, ez gehiegi; hemendik aurrera gehiago espero dut.
Madrilera joan-etorria egunean egiten al duzu? Zer gustatzen zaizu Madridetik?
Astean hiru egun eta bi gau egiten ditugu Madrilen segidan, bataz beste. Gustuko ditut hiri haundiek duten anonimotasuna eta kultur eskaintza zabala, nahiz eta denbora gutxi izaten dugun Kongresu kanpoko kontuetarako.
Kazetaritza utzi eta politikan sartzea erabaki zenuen. Hernaniko Udaleko alkatea izan zara, Diputazioko Komunikazio Zuzendaria, Eusko Jaurlaritzako Legebiltzarkidea eta orain Kongresuko diputatua. Zeinekin geratzen zara?
Bakoitzak du berea, ziurrenik geratu Alkate lanarekin. Gertukoa da, ikusi egiten duzu egiten duzunaren emaitza eta oso bizia da, nahiz eta gertutasunaren ondorioz jendearentzako eskurago egotea eta harreman estuagoa izatea ere esan nahi duen, horrek dituen abantaila eta eragozpenekin. Edozein kasutan guztietan asko ikasi dut.
Noizbait pentsatu al duzu kazetaritzara bueltatzea? Grina sentitzen al duzu?
Faltan botatzen dut bai nire lanbidea, eta bueltatuko naizela ez dut zalantzarik. Nik ez nuen irratia utzi beti politikan aritzeko, denbora baterako baizik. Ez diot lan honi epemuga jarri, baina egunen batean egingo dut, ez luke inork harritu behar hala egiten dudanean.