«Txirrita zen ardi beltza, baina kapaz zen artalde guztia bere inguruan biltzeko»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 29a, 02:00

Txirritak arlote fama zeukan, baina haren bertsoak Euskal Herri guztian kantatu izan ziren, eta oraindik ere kantatzen dira. «Horrek erakusten du moral guztien gainetik, Tx­i­rri­tak ikuspuntu oso fina eta zo­rrotza zeukala, eta horregatik, berak kantatzean jendea erakarri egiten zuen. Ardi beltza zen, sailetik apartekoa, baina kantatzen zuenean artaldea bere inguruan biltzeko gaitasuna zeukan», dio Eñaut Agi­rrek, Hernaniko bertso eskolako kideak, eta gaur Txirritaren bertso emanaldian kantuan ariko denak. Hernaniarra EHU­ko masterrerako egin duen lanean oinarritu da emanaldi hau osatzeko.
Gaur gogoratuko dute Txi­rrita hil zeneko 80. urteurrena, eta bertsolari ereñotzuarraren 80 bertso kantatuz egingo dute gainera. Emanaldian Eñaut Agi­rre izango da kantuan, eta Imanol Kamio eta Jexux Aran­buru ereñotzuarrak esku-soinua eta teklatuarekin. Horrez gain, Ereñotzuko musikari ge­hiago ere igoko dira momenturen batean tablatura eta baita Ereñotzuko eta Hernaniko ber­tsolariak ere. Arratsaldeko 19:00etan da emanaldia, Ere­ñotzuko frontoian. Sarrera irekia da. 

Ikuspuntu zorrotzeko ‘tunantea’
Joxe Manuel Lujanbio Txirrita ez zen edozein. Hil baino lehenago ikusi zuen hark bere bertsoek zenbateko bidea egingo zuten, eta hala kantatu zuen «nere aipa­menak izango dira beste larogei urtian».  1936an hil zen, eta hain justu, aurten, 2016an, bete dira hura hil zeneko 80 urte. Haren bertsoak erruz kantatzen dira oraindik, eta bertso eskoletan erakutsi. Bere izeneko kaleak ditu, ikastetxeak... 
Ondo merezitako omenaldia egingo zaio aurtengo urtean ereñotzuarrari. Txirritak era guztietako jendearen errespetua irabazi zuen, eta hark esandakoak oraindik gogoan dira. Agirreren ustez, gauza asko ditu Txirritak baloratzekoak: «Txirritak zeukan, batez ere, imajinazioa eta umorea. Denok tren-elektrikoa ikusten dugun lekuan, hark ikusten zuen perra-berritutako zaldia, edo esango zuen ilargia eta eguzkia zirela ‘jaungoikuaren farolak’. Denak gerra zela-eta serio-serio kantuan ari zirenean, hark esan zuen ‘semiak gerra ez juteatik mutil zahar gelditu nin­tzan». 

«Txirrita ez zen edozein. Hil baino lehenago ikusi zuen hark bere bertsoek zenbateko bidea egingo zuten» 


Gaitasun paregabea omen zeukan ereñotzuarrak gauzak erraz esateko, «gauza zailenak erraz esaten zituen, beti ere imajinazioa erabiliz eta umore puntuarekin. Adibidez, elektrizitatea zer zen esplikatzeko ur-irakina negarrez jarri zuen, elektrizitatea sortu zuen maisuari hitz egiten: ‘prezixo al da beti kalderan kixkaltzen egon biarra, ondo miatzen baldin banazu otzian badet indarra’ eta geroxeago ‘orain ur otzak dabilki trena len irakinak bezala». Eta aldi berean, gauza errazenak esateko inoiz ez omen zituen zuzenean esango, beti zeharka, batzuetan buelta izugarriak emanez. «Zerbait begi-bistakoa zenean, beti bilatuko zuen hori esateko aparteko era bat, baratzan bilatu zuen bareari kantatu zion bertsoa, adibidez: ‘mila demoniozko bare adarduna, zergatik jan dezu bart nere babarruna...’. Pelikulak egiten zituen, gauzarik sinple edo errazenekin». 

«Txirritak zeukan, batez ere, imajinazioa eta umorea»


Arlotearen fama ote zuen galdetuta, Agirrek dio, «nik ez dakit horren arlotea zen, edo berak bere buruari esaten dion bezala, horren tunantia zen. Oso begi zorrotzeko arlotea zen, izatekotan ere. Etxerako inork ez omen zuen nahi, baina kalean denek nahi zuten. Gainera bada gauza bat asko esaten duena bere alde: berak bere buruari pekatu guztiak aitortzen dizkio, bere buruari parre egiten dio, eta horrek, nahitaez, elegantzia bat ere badu». Agirreren ustez, Txirritak bat egiten zuen jendearekin, bere burua taldeko bat gehiago bezala jotzen zuen, eta jendea berak esandakoekin identifikatu egiten zen, «ardi beltza zela berak aitortzen zion bere buruari, baina beti artaldeko parte zen, eta taldeko beharrak, premiak eta amorruak konpartitzen zituen. Seku­lakoak esaten zituen handi-jendearengatik, oraindik ere askok sinatuko lituzkeenak: ‘juezak alde daukazkienak irabazten du auziya».

Euskal Herriko bertsolari txapeldun, 1936ko txapelketan
Hil zen urte berean irabazi zuen Txirritak Euskal Herriko bertsolari txapelketa, eta bestela ere ordurako bazeukan onarpena eman zion txapel hark ereño­tzuarrari. Gerra hastear zen, eta Francoren tropak beste askoren artean Txirritaren bila ere etorri omen ziren, hark herritarren artean zabaltzen zituen mezuak oso gustukoak ez zituztelako. Ordurako aurrea hartu zien, ordea, Latxeko bertsolariak. Goizuetan gazta-mina janda gaizkitu, eta Altzako Gazteluene baserrian gozo hil zen 1936ko ekainaren 3an. 

Emanaldi irekia gaur Ereñotzun, eta ondoren afari herrikoia ‘Txerriboda & Sagardo Festa’

Gaurko emanaldian Txirri­taren 80 bertso kantatuko dituzte Ereñotzuko frontoian, 19:00etatik aurrera. Txirrita­ren bat bateko bertsoak eta bertso jarriak entzungo dira bertan, Eñaut Agirre, Imanol Kamio eta Jexux Aranbururen eskutik. Horrez gain, Ereñotzuko musikariak Doinu Zale eskolako kideak eta Hernani eta Ereñotzuko bertso eskolako kideak ere igoko dira tabladura. Saioak atal ezberdinak izango ditu, Txirritak kronista gisan egindako lana, haren imajinazioa eta umorea, gai historikoak, mitoak, politika, eta kantu lagunekin izandako ziriak.
Emanaldiaren ondoren afari herrikoia izango da Ere­ñotzuko frontoian bertan. Txe­rr­iboda & Sagardo Festa egingo dute, Basatxerri Elkartearen eta Gipuzkoako Sagardogile E­lkartearen eskutik: Basatxe­rri enbutidoak, ajoarrieroa Eusko Label arrautzarekin, Basatxe­rri txerrikumea eta baserriko oilaskoa, Idiazabal gaz­ta sagar dultzearekin, La­rre­gain, Goiko Lastola, Elorrabi, Iparragirre (Eusko Label ekologikoa) eta Rufinoko sagardoak botilan eta txotxerako kupela ere izango da. Umeentzako menua ere bada: kroketak, Eusko Label Haragi taloa, Basatxerri sal­txitxa, Eusko Label patata purea, tarta eta sagar muztioa (Petritegi). 

 

Bertsoaren haria hernanin

Urumeako bertsolariak, asteazkenean, Estitxu Eizagirreren eskutik

‘Bertsoaren haria Hernanin’ liburua aurkeztuko du Eizagirrek datorren asteazkenean, azaroak 2, Ereñotzuko auzo udaleko aretoan eskainiko duen hitzaldi-emanaldian.

Hernani eta Urumea bailara bertsoaren kabi izan dira urteetan zehar, eta ezin konta ahala bertsolari aritu da bertan kantuan. Estitxu Eizagirre bertsolari eta kazetari hernaniarrak sekulako azterketa lana egin du ho­rren inguruan, Iraulio Panttalone bertso eskolak eskatuta. Datorren asteazkenean aurkeztuko du Ereño­tzun, 2014an idatzi zuen liburua, Ber­tsoa­ren haria Hernanin liburua, hain zuzen ere. 
Hasi Txabolategi bertsolaritik eta gaur eguneko bertso eskolako kideetaraino, Her­na­nin eta Urumea bailaran bertsolaritzak izan duen le­kua azalduko du Eizagirrek. Orain arte ia ezezagunak zi­ren Josefa Zubeldia bezalako bertsolariak, aurkezpen be­ha­rrik ez duten Txirrita edo Maialen Lujanbio, edo ezagunak izan arren ezer gutxi genekien bertsolarietaraino... hernaniarrak errepasoa egingo dio bailarako bertsolarien lanari. 
Liburuaren atal esanguratsuenak azalduko ditu Ei­za­girrek, eta hitzaldi-emanaldi moduko bat eskainiko du, ohizko hitzaldietatik ez­berdina izango den aurkezpena. Hitza eta kantua uztartuta, egonaldi ederra egiteko aukera izango dute bertsozaleek. 

 

‘Gabon txirrita’ antzezlana

Xabier Leteren ‘Gabon Txirrita’ antzezlana, datorren larunbatean

Urnietako 50 herritarrek egingo dute antzezlana, azaroaren 5ean, 19:30etan, Ereñotzun. Sarrerak salgai daude 5 euroan, Ereñotzuko Auzo Udalean, eta Hernaniko Biteri kultur etxean.

Gabon Txirrita antzezlan he­rrikoia Ereñotzun izango da datorren larunbatean, aza­roak 5, arratsaldeko 19:30­etan. Xabier Letek idatzi zuen 1982an Gabon Txirrita antzezlana, eta aurten berrituta azaldu da berriz ere, oiartzuarrak bere garaian egindako farsa estiloko obra. Donostia 2016en barruan eskaini dute Gabon Txirrita emanaldia, irailean, Donostian eta Ur­nietan. Azaroaren 5ean Ereñotzun egingo duten emanaldia izango da hirugarrena eta azkena. 
Joxan Goikoetxea hernaniarra izan da antzezlan hau berriz egiteko lanari ekin ziona eta Donostia 2016ri eskaini ziona. Txirrita hil zeneko 80 urte famatuak aurten beteko zirela konturatuta, hernaniarrak antzezlana berriz egiteko asmoa hartu zuen, eta horren ondorio izan dira aurten egindako emanaldiak. 

Txirrita berriz ere ‘juezaren’ aurrean
Joxe Manuel Lujanbio Txirrita bertsolaria juzgatuko dute antzezlan honetan. Farsa estiloko antzezlana da, ironiaz eta umorez josia, eta bertsolariari gogor ekingo diote hark bertsoetan esaten dituenaren haritik. Fiskalak larri jarriko dizkio gauzak, eta abokatuak hura defendatzeko lanak izango ditu. Horrez gain, Txirritaren bizitzako hainbat pertsonaia ere ikusi ahal izango dira antzezlanean. 
Xabier Letek 1982an idatzi zuen antzezlana eta Urnietako herritarrek egin zuten Urnietan, urte hartan bertan. Aurten, 34 urte geroago, berriz ere urnietarrek hartu dute lan hori egiteko konpromisoa eta lana, eta ia 50 lagunek hartuko dute parte. Jokin Izagirre da horietako bat, hain zuzen ere, 1982ko antzezlanean ere parte hartu zuena, eta orduan ere, aurten bezala, Txirritaren abokatu lanak egin zituena. Txirritaren papera Haritz Zubillagak egingo du, eta fiskal maltzurrarena ondo ezaguna den aktore urnietar batek, Joxe Mari Berasategik (Goenkaleko Txapas). 
Zuzendari lanak ere oso ezagunak diren bi aktorek egin dituzte, Miren Gojenolak eta Mikel Laskurainek. Z­u­zen­darien hitzetan, 1982ko emanaldi hartatik aldaketa batzuk egin dira, eta horietan esanguratsuena da emakumeek protagonismo gehiago izango dutela aurtengo emanaldian. Adibidez, epaile lanak aurten emakumezko batek egingo ditu, Gentzane Belaustegi­goitik, hain zuzen ere. 
Txartelak salgai, 5 euroan, Ereñotzuko auzo udalean eta Hernaniko Biteri kultur etxean.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!