Gaur eguerdiko 12:00etan hasiera emango diote Gipuzkoa Zutik eta Erraustegiaren Kontrako Mugimenduak Hernanin antolatu duten mobilizazio-egunari. Protesta-martxa bat egingo dute Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren egoitzan bukatuko dena; bidean, FCC enpresatik ere pasako dira.
Protesta zaratatsua izango da, horregatik, antolatzaileek eskatu dute zarata egiten duten tresnak eramateko. Horrez gain, umorea ere ez da faltako: bukaera, GHKren parean parodia bat egingo dute.
Bazkaria eta festa, jarraian
Behin martxa bukatuta, Tilosetara joango dira denak, eta bertan antolatutako Erraustegiaren zorraren festa egingo dute.
Herri bazkariarekin hasiko da festa, eguerdiko 14:00etan. Eta gero, bazkalostean, beste hainbat ekintza izango dira: Ane Labaka eta Maider Arregi bertsolariak, Pobresiaken poesia musikatua, haur jolasak, margoketa-lantegia, baita kontzertuak ere, DJ Miau, Morau eta Duo Do Porturen eskutik.
Herritarrei deia, parte-hartzeko
Gipuzkoa Zutik eta Erraustegiaren Kontrako Mugimenduak deia egin die herritarrei gaurko mobilizazio-egunean parte hartzeko.