Ez da “legezkoa” Udala A3 Orain!!! lan taldearekin egiten ari dena. Datorren hilean sei hilabete beteko dira azken bilera izan genuela udaletxeko arduradunekin, Jesus Mari Santos Alkatea eta Mugikortasun Zinegotzia den Ramon Aranzastirekin, eta ordutik ona ezer ere ez. Egia da, bilera giro onean egin zen eta bertan lanerako konpromisoa berretsi genuen A3 Oraingo taldekideek, A3a berreskuratzeko bidean. Horretarako sagardo boladan aritu ziren autobusen kostua eta erabiltzaile kopurua eskatu genituen, bai eta A3aren azken urteko datu diskriminatuak, A1, A2, eta A2 errefortzuaren datu diskriminatuekin batera. Udala prest agertu zen horretarako eta guri datuak igortzeko konpromisoa hartu zuen.
Baina ordutik ona, sei hilabete igaro dira eta bederatzi eskari erregistratu ditugu Udalean agindu ziguten informazioa eskatuz, eta ez dugu erantzunik jaso. Ez informaziorik ez eta inongo komunikaziorik. Idatzi hau publikatzearekin batera berriro ere eskaria erregistratu dugu Udalean hamargarren aldiz, berriro diogu, azken sei hilabete hauetan gaurkoarekin hamar aldiz. Eta geure buruari galdetzen diogu, non dago Udalaren lehentasuna A3aren inguruan? Non daude hartutako konpromisoak? Non dago igorri behar zeniguten informazioa? Non geratzen da herritarren parte-hartzea? Zer egin behar dugu kontuan har gaitzazuen? Zer egin behar dugu errespetatuak izan gaitezen? Ez ahal dira nahiko 1.700 sinadura?
Jesus Mari Santos eta Ramon Aaranzasti, ez dute balio bileretako jarrera adeitsuek, gero hitzak aireak eramaten baditu, konpromisoak betetzen ez badira, finean bileretatik kanpo hurkoa errespetatzen ez baduzu…Hitzak baino ekintzak behar ditugu. Zein izango da emango duzuen hurrengo urratsa, sei hilabete igaro eta bederatzi eskaera erregistratuei muzin egin ondoren? Hamargarrenari kasurik egingo ahal diozue? Guk adi eta lanerako prest jarraitzen dugu.