Zintzilikarioak eginen dituzte gaur, Soinuen Ibilbideari hasiera emateko

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 29a, 02:00

Aranoko umeak, mendira joaten direnean, beraiek sortutako ibilbidea izanen dute laster: Soinuen Ibilbidea. Herri­gintza Eskolen barruan, tailerra emanen dute gaur Arantza Iturbe eta Jaione Iturbek, diseinatzaile eta ilustratzailea aurrenekoa; eta psikopedagoga eta psikomotrizitatean aditua bestea. Sozie­dadean izanen da, 10:00etatik 13:00era.

Kainaberak oinarri dituzten tramankuluak
Tailerraren helburua izanen da, umeek beraiek egitea mendian soinua aterako duten tramankuluak: haizearekin edo euriarekin, hotsa aterako duena. Aran­tza Iturbek Kronikari azaldu dionez, banbuzko kainaberak eginen dituzte gaur tailerrera gerturatuko diren neska-mutilek: «tramankulu horiek banbuzko kainaberekin egitea proposatu diegu guk. 30-50 zentimetro inguruko kainaberak izanen dira».
Kainaberei nahi duten diseinua emateko aukera izanen dute gaztetxoek: «neska-mutilek margotu eginen dituzte, motibo ezberdinekin. Egia da hasieran kosta egiten zaiela zer margotu imagina­tzea; beraz, guk adibide ezberdinak proposatzen dizkiegu. Adibide horiek paperean eramango ditugu, erakutsi eginen dizkiegu eta ondoren gorde. Tai­lerraren helburua imaginazioa lantzea ere bada eta. Guk forma geometrikoak marraztea proposatzen diegu, mandalen antzera; baina noski, nahi dutena egiteko aukera dute: aurpegiak, animaliak... bururatzen zaiena».
Tramankuluak zuhaitzetan zintzilikatuko direnez, material egokiez margo­tzeak ere garrantzia haundia duela azaldu dio Kronikari Iturbek: «esmalteekin margotuko ditugu, umeentzat eta ura­ren­t­zat aproposak diren esmalteak erosi ditugu, iraupen nahiko ona dutenak». 

Zintzilikatu, beste egun batean
Margotutako tramankuluek denbora bat beharko dute behar bezala lehortzeko. Hori horrela, soinuen ibilbidea aurrerago osatuko dute. Umeek beraiek aukeratutako ibilbide bat izanen da, eta bertan zin­tzilikatuko dira egindako lanak. Iturbek azaldutakoaren arabera, hiru puntu ezberdinetan paratuko dituzte tramankuluak, bakoitzean 10 inguru. Prozesu hori beste egun batean izanen bada ere, Iturbe bertan izanen da ia seguru: «tailerra gaur bukatzen bada ere, gustura asko itzuliko naiz Aranora, umeekin, ibilbidea osatu eta bukatzera». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!