Motor hotsak entzunen dira bihar, Juan Fermin Rekarteren omenez

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 29a, 02:00

Bihartik aurrera Juan Fermin Rekarte izena izanen du Aranoko motokross pistak. Orain urtebete hil zen Juan Fermin Rekarte; aski motorzalea zen, eta Iparraldean bizi arren, Aranorako joera haundia zuen, aranozalea zen. Kronikari azaldu diotenez, astebururo gerturatzen zen Aranora, eta harreman haundia zeukan bertakoekin, asko maite zuten.

Omenaldia, plaka eta guzti
Rekarte gogoan dute aranoarrek, eta bertan lekua izan de­zan, bere izana paratuko diote Mo­tokross pistari. Pista bihar inauguratuko dute, eta plaka paratuko dute bertan, Juan Fer­min Rekarte motokross zirkuitoa izenarekin. Aurretik meza izanen da, Aranoko parroki­an. Bertan izanen dira Re­karteren senideak, Ipa­rraldetik etorriak. Fly Group klubeko kide batzuk ere bertan izanen dira, soinua ateratzeko asmoz. 

Pistaren kudeaketa, Fly Groupen esku 15 urterako
Izan ere, aurrerantzean Fly Group izanen da pistaren kudeatzailea. Udalarekin akordioa sinatu du Fly Groupek eta, 15 urtean edukiko du pistaren gestioa.
Fly Groupeko kideek Kro­nikari azaldu ziotenez, hilabetean bi egun izanen dituzte pista erabili ahal izateko, eta asmoa da pista erabili nahi duenak kuota bat ordaintzea, eta denen artean pista aurrera ateratzea: mantenua, txukun­tzea, belarra moztu... Lizentzia eta asegurua lortzea da orain hurrengo pausua. Ondoren, irekiko duten egunetan erabili nahi duenak erreserba egin beharko du aurretik, telefonoz 943 47 43 41 zenbakian. 

Pista, paraje ederretan
Aranoko motokross pista paraje ederretan dago: mendia, itsasoa eta Donostia ikusten direla. Fly Groupeko kideek azaldu mo­duan, pistak 1.100 metroko ibilbidea dauka, eta bost jauzi ditu. Pista teknikoa da: aldapa gora eta behera asko ditu; egokia, karrera eta txapelketetan ibili nahi dutenentzat. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!