Frankismoaren biktimei errekonozimendua eta omenaldia, zauriak sendatzeko bidean

Kronika - Erredakzioa 2016ko aza. 6a, 01:00

«Denborak tristura haun­di­tzen du, beldurrez betetzen gaitu, atsekabez. Etengabe gal­detzen diogu elkarri: non dago gure aita? Ez dakigu ezer, ezin gara lasai egon, duelua atzetik dugu. Ez zaigu negar egiteko, sen­ti­tzeko, erreza­tze­ko den­bora askorik geratzen... Per­tsona bat desagertzen denean edo hilda azaltzen denean, se­nideek galdu izana baloratzen dute... gorputza azaltzen bada, duelurako aukera txiki bat badaukazu. Nahiz eta horrek ez duen esan nahi, zauria sendatu egiten denik. Pix­ka­naka, bizi egiten zara, baina horrek hor jarraitzen du... hutsune ho­ri ez da sekula sendatzen. Gau­za bat duelua, eta bestea justizia eskatzea» hitzekin, au­rre­neko pertsonan, etxean su­fri­tut­akoa kontatu zuen atzo Julian Ariste­giren semeak. 80 urte daramazki aitaren bila. Bost anai-arreba dira, laurogei urteak beteak guztiak. Etxean atxilotu zuten aita, Donostian, emaz­tea­ren, eta seme-alaben aurrean. Erre­pre­sioak kendu zien aita: «46 urte zi­tuen, eta ez zuen inongo deli­tu­rik. Ba­ke­zalea zen, afiliazio po­li­tikorik eta sindikalik gabea. Amak 35 urte zituen, alaba za­harrenak 9 eta txikienak 3 hila­bete». Jus­tizia eskatu zuen atzo Aris­tegik: «gehiegitan en­tzu­ten dugu, sentimendurik ez duten haiengandik, denborak dena sen­datzen duela, ahaztu egiten duzula, borratu... Eta ez da ho­rrela». Gorpua non da­gon ez ja­ki­tea ere, salatu zuen atzo, Ariste­gik: «Hernanin fu­s­ilatu zituzten, baina Aran­zadiko forenseek egin­dako dokumen­tuar­en ara­bera, ez daude bertan. Beraien gorputzak lapurtu egin zituzten, leku ezezagun batera eraman. Ma­drilera, Heroritakoen Hara­ne­ra ziurrenik». Momentu hunki­ga­rriak bizitu ziren atzo hi­lerrian, protagonisten sufri­men­dua, gertu gertutik ezagu­tzean.

Omendu eta aitortza egitea helburu, atzo
Frankistek Hernaniko hilerrian fusilatu zituzten 200 pertsonei omenaldia eta aitortza egiteko asmoz, jen­detza elkartu zen atzo hi­lerrian. Hernaniko Udalak an­tolatu zuen omenaldia, eta ber­tan izan ziren alderdi ez­berdinetako ordezka­riak, bik­timen herrietako udal or­­dezkariak, senideak, erakunde ezberdinetako ordezkariak, me­moria lantzen duten e­l­karte eta asoziazioak... Irati Sa­rasuak egin zituen aur­kez­pen lanak, eta Jon Odriozolak 1936a geroztik gerta­tu­ta­koaren errepasoa. Joxan Goikoetxea­ren musikak eta Amets Arzallusen bertsoek ere, ederki asko definitu zuten gerta­tuta­koa eta han bil­du­takoek sen­titzen zutena. 
Atzokoan bi ordezkarik hartu zuten hitza: Maribel Vaquerok lehendabizi, Biziki­de­­tzako eta Giz­a Es­ku­bideetako zuzenda­ri­ak, Foru Aldundiaren ordezkari gisa. Eta Luis Intxauspek, Her­na­niko alkateak, ondoren.

«Memoria berreskuratzea beharra da gizartearentzat eta betebeharra erakundeontzat»
Vaquerok eskerrak eman nahi izan zizkien Udalei eta G­i­puz­koako elkarte memorialistei, egin­dako lanagatik: «eske­rrik as­ko erahilak eta sekula aur­ki­tuak eta gogoratuak izan ez zitezen, anonimotasunean lur­pe­ratuak izan ziren bikti­mak errepa­ra­tzeko, eta egia eza­gutzeko egiten duzuen la­nagatik eta ahale­gina­gatik. Me­moria be­rreskuratzea be­­harra da gizartearentzat, eta bete­beharra erakundeontzat». Aldundiak la­nean jarraituko due­la azpi­ma­rratu zuen: «azken bi hamar­kadetan proiektu eta lan ugari lagundu dira, eta hala egingo dugu etorkizunean ere. Egia ezagutzea eta ezagutaraztea, hurrengo belaunaldiei transmi­ti­tzea, beharrezko ariketa da etor­kizunerako. Biktimen justi­zia eta erreparazioa beharrezko­ak dira gertatutakoa ez erre­pikatzeko».

«Pixkanaka sendatze bidean gara, eta jarraituko dugu»
«1936an Frankistek Hernani exekuzio gune bihurtu zuten. Errepresioa eta gehiegikeria izan ziren nagusi iraila eta aza­roa bitartean. Giza esku­bideen urraketa. Duela 80 urte herri oso baten zapalkuntza eta eze­na­tokia izan zen hilerri hau bera. Ez dugu ahaztu nahi, go­go­ra­tzen jarraituko dugu. Gerta­tutakoa jakitea beha­rrezkoa da honek sortutako mina jakiteko» hitzekin hasi zuen Alkateak, diskurtsoa. Fusilatuek bizitu­tako gordintasuna ekarri zuen gogora, eta bereziki goraipatu zituen etxeetan, familiaren ardura hartzea tokatu zitzaien emakumeen lana: «isilean egin zuten lana eta borroka; su­fri­mendua adore bihurtzen jakin zu­ten». Bortizkeria haiek Her­nani zauriz bete zutela gogoratu zuen, baina pixkanaka sendatze bidean ari garela zioen: «eta jarraituko dugu. Gaurko ek­i­tal­dian frankistek egindakoa sa­latu eta biktimen oroimena be­rreskuratzeko elkartu gara. Eta honek ere zauriak sendatzen laguntzen du».

Lore eskaintza, bukatzeko
Urte gris haiek gogoratzeko, gris esnatu zen atzoko eguna. Eki­tal­diaren bukaeran, ordea lore ko­loretsuek estali zuten hildakoen  izenak dauden hormaren oina, etorkizun justuago baten alde. 

Hilerrian egindako omenaldiaren argazkiak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!