Garaipena lortu ezinda dabil Hernani, denboraldia hasi denetik. Lau partidu jokatu dituzte jada, eta joko ona erakutsi badute ere, errematatzea falta izan zaie. Ohorezko mailan ez dago aurkari errazik, baina Hernanik ‘indartsuenetarikoak’ izan ditu aurkari, hasiera honetan. Aurreneko garaipen hori lortzeko eguna izan daiteke gaurkoa: derbia, giro ona eta etxean jokatzearen abantaila izango du Hernanik. Ordizia azken urteetan ez da nahi bezain fin ibili, eta neurria hartua dijoala ere esan daiteke; azken bi denboraldietan, joan-etorrietako partiduetan, trikoloreak izan dira nagusi.
Ordiziak ondo hasi du denboraldia; hiru garaipen lortu ditu dagoeneko. Azkenekoa Sevillako Caja Solen kontra eskuratu zuen Goierriko taldeak; hala ere, aipatzekoa da, nagusitasuna ez zela markagailuak erakutsitakoa izan.
Ikusleen eguna
Hernani eta Ordiziaren arteko derbia 16:00etan jokatuko da gaur. Azaldu dutenez, klubaren eguna izango da gaurkoa, eta ikusle guztiek ordainduko dute sarrera: abonatuek 6 euro eta gainontzekoek 12 euro. Jasotzen den diru osoaren erdia Gasteizen jokatuko den errugbi barneratzaile mundialerako izango da.