«Uholdeen kalteak gutxitzeko asmoz, etxe eta lokal atarietan babesa jartzeko eta estolderietatik ur sarrera ekiditeko lanak diruz laguntzea» helburu duen diru-laguntza programa jarri du martxan Udalak, EH Bilduk prentsa oharrean jakinarazi duenez. «2015eko urriaren 20an egin zuen EH Bilduk proposamena, eta 2016ko urriaren 11n onartu dira azkenean, urtebeteko atzerapenarekin», gehitu du.
«40.000 euro bideratuko dira laguntza hauetara»
Eskaerak, abendura arte
EH Bilduk azaldu du «uholdeen behin betiko soluzioa URAK Urumean bertan egin behar dituen lanak burutzean iritsiko dela». Baina bitarte horretan, «bizilagun eta negozio jabe zein langileei lasaitasun haundiagoa eta uholdeei aurre egiteko baliabideak eskaintzeko, herritarrei diru-laguntza hauetara aurkezteko deia luzatu» die.
Eskaerak abenduaren 31ra arte egin daitezke udaletxean, eta informazioa lortzeko Obrak eta Zerbitzuak sailera jo behar da, udaletxean bertan edo 943 33 50 68 telefonoan. «Guztira, 40.000 euro bideratuko dira laguntza hauetara; 6.000 euroko aurrekontua baino txikiagoa duten lanetan, Udalak %75 (BEZa kontuan izan gabe) eta gehienez, 2.500 euroko kopuruetan finantzatuko du. Aldiz, inbertsioa 6.000 euro baino gehiagokoa bada, %55, muga maximorik gabe».
«Apiriletik, batzorderik ez»
Bestalde, EH Bilduk gogorarazi du bera gobernuan zela, «uholdeen aurka zenbait pauso» eman zituela Ergobian eta herri erdigunean, eta «Udala eta herritarren arteko koordinazioa hobetzeko», Uholdeen aurkako eta ibaiaren aldeko batzorde informatzailea sortu zuela. «Apiriletik ez da batzorderik deitu». EH Bilduren ustez, «Udal Gobernuaren utzikeriaren adibidea» da dena.