Alemaniara elkartrukean, musika eskolako lau talde

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 28a, 02:00

Gaur hasiko dute lau eguneko bidaia ‘Hernani’ Musika eskolako lau taldek: Akordeoi orkestrak, Hernasax saxo taldeak, Dakapo abesbatzak, eta txalapartari bikote batek. Alemaniako Nordhorn he­rri­an izango dira astartera arte, EMUSIK jaialdiaren bueltan antolatutako elkartrukearen ondorioz. Izan ere, Nord­horneko musika eskolako taldeek Hernani bisitatu zuten maiatzean, eta gauza bera egingo dute hernaniarrek Alemanian.

Kontzertua, igandean
Lau eguneko egonaldia izango da, eta herria ezagutzeaz gain, kontzertua ere eskainiko dute. Igandean izango da hori, Nordhorngo Konzert-und The­a­tersaal aretoan, arratsaldeko 16:00etan hasita. Han eta hemenego taldeek hartuko dute parte hainbat abestirekin, eta bukaera berezia egingo dute: talde guztiek elkarrekin Andoni Egañaren Herri abestia jo eta kantatuko dute. Kontzertu solidarioa izango da hau, eta bertan bildutako guztia Italian izandako lurrikarak eragindako kaltetuen­tzat izango da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!