Ikasturte hasierarekin batera Beldur Barik programa abiarazi zuten Hernanin hainbat taldek. Dagoeneko hainbat ekintza egin dituzte herrian, eta gaur izango dute hurrengo zita. Zine foruma eta kafe tertulia izango dira Gaztetxean. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da dena, eta gazteak gonbidatu dituzte bertaratzera.
Beldur Barik jarrera, hizketagai
Hernaniko Udalak, Berdintasun Kontseiluak, Hernaniko Bilgune Feministak, Sutu Hernanik, Ernaik, Liletak taldeak, Isladak eta Parekidek antolatutako ekintzan gazteekin hitz egingo da Beldur Barik jarrerari buruz, eta bakoitzak indarkeria sexistari nola egiten dion aurre azaltzeko aukera izango du.
Gaiari testuingurua jartzeko, zine foruma egingo dute hasteko; bertan, laburmetrai desberdinak ikusiko dituzte. Ondoren, tertuliari ekingo diote, eta gaiari buruz bakoitzak daukan iritzia plazaratzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Jakinarazi dutenez, ez da ez kaferik, ezta jatekorik ere faltako.