Herenegun bildu zen Udaleko Plenoa ohiko deialdian, eta 12 puntu landu zituzten. Horien artean, Udal Gobernuak 2017rako proposatutako Ordenantza Fiskala onartu zuten, EH Bildu udal taldearen aldeko botoekin. Beste hiru taldeak, EAJ, Orain Hernani eta PSE, abstenitu egin ziren.
Hondakin tasa, eztabaidagai
Onartutako Ordenantza Fiskalaren arabera, aldaketa batzuk izango dira herriko hainbat tasa eta zergatan, hain zuzen, urriaren 25eko Kronikan azaldu zen bezala.
Aldaketa horiek azaldu aurretik, Isa Sanchez Ogasun zinegotziak gogorarazi nahi izan zuen zertarako ordaintzen dituzten herritarrek: «diru-sarrera horiekin finantzatzen dira zerbitzu publikoak, gauza asko finantzatzen dira zerga eta tasekin, eta zerbitzu asko igotzen ari dira». Horregatik, hiru urtez izoztuta mantendu ondoren, aldaketak proposatu dituzte, izan ere, «kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko, kostu errealera hurbiltzea inportantea da».
Horien artean, hondakin tasaren %15aren igoerak eragin zuen eztabaida haundiena. «San Marko Mankomunitateak EAJ eta PSE agintean daudela, igoera izugarria ezarri dio Hernaniko Udalari», arrazoitu zuen Mattin Aldaia Ingurumeneko zinegotziak. Eta salatu zuen: «Udal Gobernuaren iritziz, igoera hori bidegabea da, gehien birziklatzen duten herriak zigortzen dituelako».
Arrazoi hori bidegabetzat jo zuen Ricardo Crespo PSEko bozeramaileak: «Errenteria eta Lasartek ere hondakin tasa igo behar izan dute, eta ez dute atez ate jasotzen».
Orain Hernaniko Jaione Aristregik, aldiz, azaldu zuen ez daudela ados ez hondakin tasaren igoerarekin, ezta auzo konposta egiten dutenen hobariaren jaitsierarekin ere (2016an, %40eko hobaria izango dute; 2017an, aldiz, %25ekoa izango da): «igoera orokorrarekin ez gaude ados, sortutako hondakinaren araberako tasa jarri beharko litzake, Usurbilek duena bezala».
Hondakin tasaren eztabaida zabaldu eta erraustegiaren inguruko debatea sortu zen, tartean. Udal Gobernuaren izenean, Aldaiak adierazi zuenez, erraustegia eraikitzeagatik, «Hernanik urtero-urtero eta datozen 35 urteetan 780.000 euro ordaindu beharko ditu».
Ildo horretatik, erraustegiaren inguruan ere, Eusko Jaurlaritzaren erabaki bati errekurtsoa aurkeztea erabaki zuten, Luis Intxauspe alkateak proposamena aurkeztu ondoren: «2016ko apirilaren 11n Ingurumen sailburuordeak Zubietara erraustegiaren inpaktuari buruzko ebazpena egin zuen, eta maiatzaren 17an errekurtsoa jarri zuen Udalak horren kontra. Uztailaren 29an gure ebazpena ezeztatu egin zuten, eta orain, erabaki honen kontrako errekurtsoa jartzea proposatzen dugu». Kasu honetan, EH Bildu eta OH!K alde egin zuten; EAJ eta PSE, aldiz, kontra.
Taxien tarifak eta Eskola Kiroleko laguntzak, onartuta
Eztabaidarik gabe onartu ziren, ordea, taxi zerbitzuaren 2016ko tarifak eta Eskola Kiroleko diru-laguntzak, biak aho batez.
Taxi zerbitzuen tarifen inguruan, Koro Etxeberria zinegotziak azaldu zuen Buruntzaldean onartzen direla, eta Plenoak berretsi egin behar dituela. Horren arabera, tarifa horiek mantentzea erabaki zuten.
Lau mozioak, aurrera
Lau mozioak ere izan ziren Plenoan. Horietako hiru aho batez onartu zituzten: 1936an frankistek fusilatutako pertsonen ingurukoa, Euskara Ari Du eta hildako langilearen aldekoa. Azkeneko honetan, Inhar Olano zinegotziak onartu zuen, bere ustez, «Mikel Maiza deitzen zela adieraztea falta zela, ez dela zenbaki huts bat».
Azkenekoa, Itsaso Zaldua preso hernaniarraren aldekoa, PSEren abstentzioarekin, eta beste udal taldeen aldeko botoekin onartu zen. Dena den, udal talde guztiek eskertu zuten kontsentsuzko testuaren alde denek egindako esfortzua. Hiru mozioak irakurtzeko, sartu: www.kronika.eus.
Lehiaketa, aurrera
Presazko gai bat sartzea ere bozkatu zuten: Udaltzainburuaren lanpostua betetzeko lehiaketa egitearena, hain zuzen. Aho batez onartu zuten denek, beraz prozesuarekin aurrera jarraituko dute.
Kiroldegiko igogailuko pasarela, galderetan
Kiroldegiko igogailuaren pasarelari buruz galdetu zuen Orain Hernanik, eta Koro Etxeberriak erantzun zuen, enpresarekin harremanetan daudela eta epe motzean pasarela guztia berrituko dutela, kosturik gabe.