Hernaniko Udalak, Udaltzaingoak, Ertzain-Etxeak eta Osakidetzak elkarlanean, Erakunde arteko jarduera eta koordinazio protokoloa jarri dute martxan. Eta hori aurkezteko, prentsaurrekoa eskaini zuten herenegun lau erakundeetako ordezkariek, tartean, Luis Intxauspe alkateak.
Alkateak berak azaldu zuen protokoloaren helburua dela «erakundeek arreta egokia, espezializatua, azkarra, koordintua, eraginkorra eta kalitatezkoa ematea» indarkeria matxista bizi duten emakumeei.
Horretarako, Udalak azaldu duenez, Protokolo honetan «erakunde guztien arteko koordinaziorako prozedurak zehaztu dira, esku-hartzea bideratzeko garaian printzipio nagusiak bateratuak izan daitezen, eta, halaber, segimendua egiteko egiturak eta mekanismoak finkatu dira, protokolo honetako akordioak betetzen direla bermatzeko».
«Lehentasunezko helburua»
Udala, Osakidetza Donostialdeako ESI, Ertzain-Etxea eta Udaltzaingoa ados daude Protokolo honek zehazten duenak «lehentasunezko helburua» izan behar duela, eta hori lortzeko lana egingo dutela. Hain zuzen, «erakundeek konpromisoa hartu dute indarkeria matxistaren gainerako egoeretarako protokolo honetan adierazitako moduan laguntza emateko, arreta emateko eta beraien artean koordinatzeko».
Protokoloak zehazten du, baita ere, segimendua egiteko Erakunde Arteko Koordinaziorako Mahai Tekniko bat osatuko dela.
Ebaluazioaren ondorioa
Protokoloaren berriaren beharra Udalak 2012an martxan jarritako Jarduera Protokoloaren ebaluazioaren ondorioz sortu zen 2015ean: [erakundeek] «azpimarratu zuten emakumeen aurkako indarkeria batera aztertu ahal izateko koordinazioa hobetu behar zela, bideratzeko eta segimendua egiteko mekanismoak azkartu behar zirela eta herriko kasuistika aztertzeko prozedurak garatu behar zirela».