Gipuzkoako Erregimena Errefuxara. Erraustegiaren Zorraren Festa antolatu du Gipuzkoa Zutik taldeak larunbaterako. Eta hori guztia antolatzeko, asanblada egingo du Buruntzaldeako Zutikek gaur Tilosetan. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da batzarra, eta ondoren, GHKra martxa deitzeko taldeko argazki bat aterako dute.
Aldarrikapen eguna
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, larunbatekoa «erraustegia ez dugula behar eta ez dugula nahi aldarrikatzeko eguna izango da». Eta Hernanin egitea erabaki dute, «bilketa selektiboarekin gure lanak txukun-txukun egiten ditugun herrian».
Izan ere, Buruntzaldea Zutik taldearen ustez, «lapurreta bat da erraustegiaren proiektua. %99a makro-proiektu hori ordaintzera behartzen dute, hau da, %99aren dirua beste 35 urtez hipotekatzeko jokaldia da, %1aren jokaldia».
Ekintza ugari, larunbatean
Eguerdiko 12:00etatik aurrera hasiko da festa larunbatean GHK-ra egingo duten martxarekin. Ondoren, herri bazkaria izango da, eta bazkalostean, Ane Labaka eta Maider Arregi bertsolariek, Pobresiak taldearen poesia musikatuak, eta DJ Miau, Morau eta Duo D’Oportoren kontzertuek girotuko dute eguna. Umeentzako jolasak eta tailerrak ere izango dira.