EGILEA: AINHOA JAUREGI
DAGOENEKO 25 urte pasa dira Hernaniko Udal Euskaltegia martxan jarri zenetik: mende laurden honetan, 3.600 ikasle inguru pasa dira Euskaltegitik. Urteurren esanguratsu hau ospatzeko asmoz dokumentala grabatu dute ikasle eta irakasle ohiekin batera. Nahiz eta 25 urteak urriaren 28an betetzen dituzten, zita 27rako jarri dute, Biteri Kultur Etxean. Bertan proiektatuko dute dokumentala; eta zenbait ikaslek ere badute hitz egiteko asmoa, Joxean Goikoetxearen musikak lagunduta.
Urte guzti hauetako bilakaera gerturatzeko asmoz, Kronika Udal Euskaltegiaren parte izan diren bi lagunekin elkartu da: Jokin Nazabal irakaslearekin eta Ainhoa Rodriguez ikasle ohiarekin.
HERNANIKO UDAL EUSKALTEGIKO IRAKASLEA JOKIN NAZABAL
«Lehen, ikasleak gazteagoak ziren; eskolan, familian, kalean… ikasteko premiarik ez zutelako»
Jokin Nazabalek 25 urte daramatza euskaltegian irakasle moduan. Euskera irakasteko metodologian aldaketak egon direla azaldu digu, tituluen premiak derrigortuta. Lehen, mintzamena eta entzumena lantzen zituzten gehiago. Gaur egun, horretaz gain, idazlan ugari ere egiten dituzte.
NOLA sortu zen euskaltegia?
Erabaki politikoa izan zen. Nire lehenengo oroitzapenak oposizioak gainditu genituenekoak dira. Behin hautatuak izan ginenean, Biteri Kultur Etxean hasi ginen lanean. Gauza gutxi genituen: bulego bat eta lau gela, zuzendaria, idazkaria eta lau irakaslerentzat. Bulegoa, noski, zuzendariarentzako zen eta guk, irakasle gelarik ez genuenez, mahai haundi baten inguruan prestatzen genituen klaseak.
Irakasteko metodologia zuek erabaki zenuten?
Beno, hori, poliki-poliki, gerora etorri zen. Orduan, zegoenarekin hasi ginen. HABE erakundeak bazituen karpeta urdin batzuk eta euskera ikasteko materiala bertatik ateratzen genuen: ariketak, fitxak...
Entzumena lantzeko, ETB1eko marrazki bizidunak edo dokumentalak jartzen genizkien ikasleei, pentsa. Gaur egun, bai telebistan eta baita irratian ere aukera gehiago daukagu, ikusentzunezko material gehiago dago euskeraz eta noski, interneta oso lagungarria da. Baina, duela 25 urte zegoenarekin konformatu behar genuen.
Irakasle kopurua haunditzen joan al zen pixkana?
Egia esan, Udal Euskaltegiak oso harrera ona izan zuen Hernanin. 7-8 talde sortu ziren eta nahiz eta hasieran 4 irakasle aritu, berehala beste baten premia izan genuen. Guztira 120 bat ikasle izango ziren. Espektatibak gainditu genituen.
Eta, ikasleen perfila nolakoa zen? Gaur egungoarekin alderatuz, oso ezeberdina?
Bai, lehen gazteagoak ziren. Bai ikasleak eta baita irakasleak ere. Je, je, je...
Orduko irakasle berdinek jarraitzen al duzue?
Ez, hasi ginen lau horietatik ni bakarrik geratzen naiz. Baina, beste bi hurrengo ikasturtean hasi ziren eta berrienak 20 urte daramatza gurekin, pentsa! Beraz, ekipoa nahiko azkar sortu zen.
Ikasleen perfilari dagokionez, lehen gazteagoak ziren, eskolan, familian, kalean... euskera ikasteko premiarik ez zutelako. Gaur egun, gazte gehienek eskolan ikasten dute. Gainera, duela 25 urte, euskeraz hitz egiten ikasi nahi zuten, kalean eta familian euskeraz moldatu ahal izateko, batik bat. Egungo ikasleek helburu garbia dute: lanerako titulu bat lortu nahi dute. Horietako askok maila bat badute, baina titulua lortzeko materiala landu behar dute.
Eta, noski, horrek irakasteko modua markatuko du, ezta?
Bai, horrek irakasteko modua erabat aldatu du. Lehen, klaseetan entzumena lantzen zen gehiago, ikasleak hitz egitera bideratzen genituen; eta egun, idazlan ugari egin behar izaten ditugu. Titulu horiek lortzeko, ezinbestekoa baita. Beraz, dena lantzen dugu, euskeraz hitz egiten ere jakin behar dutelako, baino idazlan pila bat egiten ditugu.
Nolako ikastaroak eskainten dituzue orain?
Alde batetik, online ikastaroak daude, etxetik interneten bitartez egin daitezkeenak. Material guztia plataforma batean dago. Ikasleak tutore bat dauka eta internet bitartez jartzen dira harremanetan. Horrela, tutoreak badaki ikasle hori zertan dabilen eta okerrak zuzentzen dizkio. Hala ere, bi astetik behin ordu erdiko tutoretza bat izaten du ikasleak hemen, euskaltegian, irakasleari aurrez-aurre zalantzak galdetzeko. Horrez gain, ikastaro hauetan gutxien lantzen dena mintzamena denez, astean bi mintza-saio edukitzen ditu ikasleak euskaltegian.
Eta bestetik, aurrez-aurreko ikastaroak daude, betikoak. Astean bi edo lau egunetan etortzeko aukera dago.
Eta, nola osatzen dituzue taldeak? Zein kriteriorekin?
Kontuan hartzen dugun lehenengo gauza, noski, maila da. Antzeko maila dutenak talde berean sartzen saiatzen gara, nahiz eta batzuetan ez den erraza izaten. Horretarako, sarrera proba bat egiten diegu, bai ahozkoa eta baita idatzizkoa ere.
Eta, ondoren ordutegiak baldintzatzen du asko. Guk ordutegi batzuk eskaintzen ditugu eta ikasle bakoitzak ondoen datorkiona aukeratzen du. Azken urteotako eskaintza honako hau izan da: goizetan, 9.15-11,45; arratsaldetan, 16,00-18,30; eta gauetan, 18,30-21,00. Eskaintza hori izaten da, baina horrek ez du esan nahi talde guztiak eta maila guztiak osatzen direnik.
Kurtsoan zehar, nola ebaluatzen dituzue ikasleak?
Batetik, ikasleak bere burua eta euskaltegia baloratzen ditu. Eta bestetik, irakasleak ikaslea ebaluatzen du. Bien arteko ebaluazio bat dela esango genuke eta hau elkarrizketa bidez egiten dute.
Horrez gain, hiruhileko ebaluazioak daude. Irakasleak denbora horretan, ikasle bakoitzaren oharrak jasotzen ditu eta ondoren idatziz ematen dizkio.
Eta noski, urtean behin azterketa bat ere egiten diegu. Ikasle gehienek titulua lortu nahi dute, beraz, hori lortzeko egin beharko duten azterketa ere landu egin behar da. Ondoren egingo dutenaren oso antzekoa izaten da.
Kurtsoa irailean hasten da. Baina, badago aurrerago izena emateko aukerarik?
Aukera badago. Bi kanpaina fuerte egiten ditugu: bata, irailekoa eta bestea, urtarrilekoa. Baina, egia esan, nahi duzun momentuan hasi zaitezke. Hori bai, urtarrilean edo aurrerago apuntatzen dena, dagoeneko sortuta dauden taldeetara sartu behar da. Horretarako, taldean lekua egon behar da eta ikasle berriak ordutegi horretara egokitu beharko du.
Zenbat ordaintzen da?
Moduloaren arabera ordaintzen da. Buruz ez dakit, baina modulurik haundiena 456 eurokoa dela esango nuke. 330 ordu dira eta materiala barne dago. Baino, gero, diru-laguntza haundiak daude. Baldintza batzuk beteta, asistentzia eta horrelakoak, Udalak %70a bueltatzen du. Eta langabetuei eta ikasleei, % 90a.
Klaseez gain, barnetegiak, kafe-tertuliak eta bestelako ekintzak antolatzen dituzue. Zein helbururekin?
Ekintza horien helburu nagusia da, ikasleek klaseetan ikasi duten hori praktikan jartzea. Hau da, kalean euskeraz hitzegiteko pauso hori ematen laguntzea, ze askok beldurra, lotsa... izaten dute. Bai kafe-tertulietan eta baita barnetegietan ere, ondo pasatzeaz gain, lasai-lasai, denek euskeraz egitea dugu helburu. Inongo presiorik gabe. Askatzea da kontua.
Partehartze handia egoten da?
Lehen orain baino partehartze handiago izaten zen. Hasieran, lehen esan bezala, ikasleak gazteagoak ziren eta gaztetan denbora libre gehiago daukagu. Egun, aldiz, ikasleak adin bat dute eta horrekin betebehar batzuk: lana, familia, klaseak... horrez gain, kafe-tertuliak egiteko denbora gehiago lortzea oso zaila izaten da, nahiz eta gutxi batzuk, noizean behin elkartzen diren.
Barnetegiak, bestalde, asteburu osoa libre edukitzea eskatzen du; zaila izaten den arren, urtero barnetegi bat edo bi ateratzen dira eta primeran pasatzen dugu.
Zeintzuk dira egungo erronka nagusiak?
Egungo erronka nagusia gu ikasleen beharretara ahalik eta ondoen egokitzea da. Oraintxe esan dugun bezala, ikasleak ez du denbora libre askorik, beraz ezin du euskaltegira egunero etorri. Baina, aldi berean titulua ateratzeko presa dauka. Orduan, erronka izaten da: nola lortu Euskaltegira etorri gabe titulua denbora berean ateratzea.
Eta, bigarren erronka nagusia izango litzake, nola lortu hemen ikasten duten hori kalera ateratzea. Ze, badaude ikale batzuk maila polit batetara iristen direnak eta handik bost urtetara euskaltegira itzultzen direnak, hitz egiteko pausu hori eman ez dutenelako, galdu egin dutelako. Eta, hori pena da.
Instituzioen aldetik, dirulaguntza gehiago daude orain?
Bai. Hasi ginenean Udalaren dirulaguntza %50ekoa zen eta egun, %70ekoa da. Horrez gain, gaur egun, HABE erakundeak, titulua lortzen duenari euskaltegiarengatik ordaindu duenaren %100era iristeko falta zaiona ematen dio. Beraz, gaur egun, euskera ikasteko aitzakia ez da dirua.
Aurten Hernaniko Udal Euskaltegiak 25 urte beteko ditu; zehazki, urriaren 28an. Ekitaldi berezia duzue eskuartean urteurren esanguratsu hori ospatzeko, ezta?
Bai, noski. 25 urteak hilaren 28an beteko ditugu, baina ekintza 27an izango da, Biteri Kultur Etxean. Dokumental bat grabatu genuen euskaltegiko ikasle eta irakasle ohiekin batera eta hori ikustera joango gara. Ondoren, ikasle batzuek zerbait esango dute, Josean Goikoetxearen musikarekin tartekatuta. Oso ekintza sinplea izango da, baina elkar ikusteko aitzakia polita. Eta kanpokoentzat, hau da, euskaltegira etorri ez direnentzat, aukera polita izan daiteke Hernaniko Udal Euskaltegia barrutik nolakoa den ikusteko.
HERNANIKO UDAL EUSKALTEGIKO: IKASLE OHIA AINHOA RODRIGUEZ
«Umearekin aritzeko ikasi nahi nuen euskera; ikastolan ere harremana mugatua nuela sentitzen nuen»
Ainhoa Rodriguez bost urtez aritu da, astelehenetik ostegunera, Hernaniko Udal Euskaltegian euskera ikasten. Oso gustura ibili da eta egun, primeran moldatzen da euskeraz.
Noiz hasi zinen euskaltegian?
Duela hamar bat urte hasi nintzen, baina kontaktuan jarraitzen dut. Edozein ekintza egiten dutela hor nago ni: barnetegiak, euskera eguna...
Zein helbururekin?
Nik ez nuen perfila edo titulua behar. Euskeraz hitz egiten ikasi nahi nuen, umearekin, aritzeko. Ikastolan ere, beste gurasoekin, irakasleekin etab. harremana mugatua nuela sentitzen nuen.
Zenbat urtetan ibili zara?
Bost urteetan eta egia esan, oso gustura beti. Zerotik hasi nintzela esan daiteke.
Nolakoak ziren klaseak?
Ni astean lau egunetan etortzen nintzen. Kurtso batzuetan arratsaldez eta beste batzuetan gauez. Eta irakasleekin beti oso ondo aritu naiz. Klaseak oso eramangarriak egiten zituzten, euskera ikasteko erreztasun guztiak jartzen zizkiguten, bai idatziz eta baita ahoz ere. Lehenengo egunetik beti dena euskeraz egiten ziguten eta horrek asko laguntzen duela iruditzen zait. Okerrena: astebururako idazlanak bidaltzen zituztenean...
Gainera, nik titulua ateratzeko muga edo epea 10 urteetan jarri nuen, azken finean ez nuen lanerako behar eta ez zen nire helburu nagusia. Azkenean, 5 urte nahikoa izan ziren. Beraz, oso pozik nago emaitzarekin, noski.
Zenbat izaten zineten klasean?
10-12 pertsona izaten ginen. Uste dut, gutxienez 8 pertsona behar direla talde bat osatzeko eta gehienez, 16.
Eta egon zinen urteetan, irakasteko moduan bilakaerarik antzeman al zenuen?
Ez, egia esan ez. Agian, kurtso batetik bestera tituluak markatzen zuen piska bat norabidea, baina irakasteko modua berdina zela iruditzen zait. Gainera, gauza bat gustatzen ez bazitzaigun edo zalantzak bagenietuen, iragazlea arduratzen zen dena argitzeaz.
Egon zen gai bat online ikasten saiatu nintzena, baina ez zitzaidan batere gustatu. Diziplina haundia behar da horretarako. Niri aurrez aurreko klaseak gustatzen zaizkit. Momentuak gauzak galdetu, landu,... etxean, askoz ere astunagoa egiten zitzaidan.
Gaur egun, ongi moldatzen zara euskararekin?
Bai, ikusten duzu. Je, je,… Kalean, familian, lanean etab. euskeraz egiten dut. Euskeraz bizi naiz.
Beraz, hernaniarrak Udal Euskaltegian izena ematera animatzen dituzu?
Bai, dudarik gabe.
Ostegunerako antolatu duten ospatuko berezira joateko asmorik bai?
Bai, noski. Dokumentalean parte hartu nuen eta orain irrikitan nago euskaltegitik pasa direnekin batera ikusteko.