Aurreneko astea bete du dagoeneko, Eutsi euskarari egitasmoak. Eta bigarren asteari ekiteko, erronka eta konpromisoen txanda aldaketa egingo dute gaur, Biterin, arratsaldeko 18:00etan.
Sei asteko iraupena izango du egitasmoak, Euskara ari du programaren barruan. Estreinako aste honetan, Pilota elkarteak, Hernaniko palistek, bertso eskolak, Kanika taldeak, Kaxkardi kirol elkarteak, Urbieta Kopiak dendako langileek, Plaza Berriko koadrila batek eta beste hainbat herritarrek egin dute saiakera, euskerari eusteko. Horiek guztiek, testigua pasako diete orain, bigarren aste honetarako konpromisoa hartu dutenei.
Zazpi taldek eta beste hainbat herritarrek erronka, bigarren asterako
Hain zuzen ere, honako hauei pasako diete testigu hori: Inmakulada ikastetxeko guraso eta irakasleak, Udaleko EH Bildu taldea, CD Hernani futbol elkartea, Hernanin Zero Zabor, Urumea bailarako koadrila, gazte koadrila, Irrixola aisialdi elkartea, eta beste hainbat herritar.
Horrekin, astebetez euskera hutsez jarduteko konpromisoa hartu dute denek. Ahal den guztietan, euskerari eutsiko diote, erderara aldatu gabe. Euskara ari du egitasmoko txapa jantzi, eta momenturo euskeraz egiten saiatuko dira.
Hastear da erronka, bigarren taldearentzat!