«EH Bilduk joko zikina darabilki Urumea Berriko obraren baimenarekin»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 22a, 02:00

EH Bildu Urumea Berriko obra baimenarekin izandako gaizki ulertuaz baliatu izana salatu du Gobernu Taldeak, Kronikara bidalitako prentsa oharrean: «gure ustez, Andoni Gartzia, EH Bilduko Alkate ohia, obra baimenarekin izandako gaizki ulertuaz baliatu da eta Urumea Berriko eraikitze lana oztopa­tzen ari da».
Gobernu taldeak dio, badakiela oso gauza larria dela enpresa batek obra bat mar­txan jartzea baimenik gabe: «kontuan hartu behar da salaketa urriaren 10ean egin zutela, asteartean, Gobernu Batzordea hasi baino minutu batzuk lehenago. Batzordean bertan arazoari konponbidea ematen lagundu ordez, oposizioko bozeramaileak uko egin zion gaia bideratzeari; jakitun zen gainera, udal teknikariak obra baimenaren aldeko txostena egina zuela».

«Hirigintza Batzordean, EH Bilduk ez zuen baimena ematearen alde bozkatu»
Prentsa oharrean azaldu dutenez, aste berean, urriaren 14an, Hirigintza Batzordean onartu ziren obra baimena emateko irizpideak: «eta EH Bilduko zinegotziak ez zuen baimena ematearen alde bozkatu. Udal Gobernuak gaia bideratuta utzi zuen aste honetan izango zen Gobernu Batzorderako. Ondo­ren, enpresak obrarekin jarraitu ahal izango du».

«EH Bilduk egin duen salaketa gehiegikeria izan da, are gehiago, jakinda Alkate ohiak enpresa honekin  izan duen erlazioa ona dela»

«EH Bilduk alarma sortu nahi izan du salaketarekin»
Alkatetzatik diote, EH Bilduko bozeramaileak egin duen salaketa publikoak alarma sortzea duela helburu: «herrian obra egiten urteak daramatzan enpresaren mesfidantza ere piztu dute, nahiz eta gauza jakina den enpresa horrek Udalarekin duen harremana zuzena dela eta izan dela. Egin duten salaketa gehiegikeria izan da; are gehiago, jakinda Alkate ohiak enpresa honekin izan duen erlazioa ona dela».
Oharrean, Alkate ohiak enpresarekin izandako erlazio onarekin jarraitzen du Go­ber­nu Taldeak: «gogoratu behar dugu Alkate ohiak behin baino gehiagotan erakutsi duela enpresarekin duen erlazio ona; komunikabideetan harro agertu zen enpresa honek aurreko legealdian zortzi etxebizitza debalde eman zizkiolako».

«Ez dugu jarrera ulertzen»
Azkenik, Gobernu Taldeak prentsa oharrean azaldu du, ez duela oposizioko bozeramailearen jarrera  ulertzen: «gaizki ulertu batetaz baliatu da EAJren gobernuaren kontra egiteko. Honekin udaletxe osoko funtzionamendua za­lan­tzan jartzea besterik ez du lortu. Joku zikina da. Alkate ohi batek halako jarrera edukitzea ez da duina». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!