Motoziklismoarekin lotura duten ekitaldiak antolatzen dituen kluba da Fly Group, eta aurrerantzean, Aranoko motokrosserako pista kudeatuko duena. Bertako kirol zuzendaria, Patxi Larrea, aranoarra da, eta ederki ezagutzen du pista. Motorzale guztiei irekia dela azaldu du.
Motokross pista erabilgarri dago orain, baina lehendik ere bazen pista, ezta?
15 urtetan utzita egon da. Lotsa ere ematen dit onartzeak... 17-18 urterekin anaia eta biok ibiltzen ginen motokrossean, eta Aranoko pista hau erabiltzen genuen. Bukatu genuenean han geratu zen terrenoa. Baina 15 urte geroago berriro hasi nintzen motoarekin. 46 urte izanda ere, Espainiako Txapelketan hartzen dut parte oraindik! Terrenoa, ordea, larrez betea zegoen, eta lekua behar nuen entrenatzeko. Horrela, pixkanaka garbitu eta txukundu egin genuen. Orain erabiltzeko moduan dago.
Pista kudeatzeko hitzarmena sinatu duzue Udalarekin. Zer esan nahi du horrek?
Hilabetean bi egun izanen ditugu, pista erabili ahal izateko. Ideia da erabili nahi duenak kuota bat ordaintzea, eta denon artean pista aurrera ateratzea. Izan ere, garestia izaten da mantendu eta txukun edukitzea: belarra moztu, makina pasa...
Beraz, zuekin harremanetan jarri behar du pista erabili nahi duen motorzaleak?
Aurreneko kontua da lizentzia edo asegurua lortzea. Hortik aurrera, pista irekitzen dugun egunetako batean erreserba egin, eta aurrera. Horretarako gurekin jarri daitezke harremanetan, 943 47 43 41 telefonoan.
Zein ezaugarri dauzka Aranoko motokross pistak?
Bereziena da, zirkuitua izugarrizko parajean dagoela; itsasoa eta Donostia ikusten dira bertatik, egun argietan. 1.100 metroko ibilbidea dauka, eta bost jauzi. Oso pista teknikoa da; aldapa gora eta behera asko dauzka. Karrera eta txapelketetan ibili nahi dutenentzako, entrenamendurako oso ona.
Hain zuzen, karrerak ere antolatzen dituzue, ezta?
Bi ekintza dauzkagu: enpresa eta kluba, edo kirol taldea. Duela 20 urte sortu ginen, motoziklismoaren inguruan, eta modalitate askotako txapelketetan parte hartzen duen jendea daukagu: motokross, enduro, belozidadea, trial... Kanpoan ere antolatu izan ditugu erakustaldiak free style, salto eta jauzietan; Frantzian, Italian, Suitzan, Costa Rican, Mexikon, Uruguayen... Eta duela 6 urte atletismoarekin ere hasi ginen! Donostiako maratoia; pasa den asteburuan, bularreko minbiziaren aurkako Katxalin proba... Atzera eta aurrera ibiltzen gara!
Zein gomendio eginen zenieke motokrossean aritu nahi dutenei? Nola hasi?
Bakoitzak, normalean, ondoan norbait izaten du, erakutsiko diona. Agian datorren urtean antolatuko dugu ikastaroren bat. Ikusiko dugu! Baina gomendioa da, aurreztea! Garestiena motoa edukitzea izaten da eta...
Zirkuitu honek ekarriko al dio Aranori, onurarik?
Oso herri txikia da Arano, baina ez dakit zergatik, jende askok ezagutzen du. Gu bertakoak izanda, harro sentitzen gara horrelako pistarekin, eta gazteentzat erreferentzia izan daitekeela uste dugu. Baina ikusiko dugu. Ez gara oso haundizaleak... Derrepentean ez, baina pixkanaka mugimendua sortzea behintzat, espero dugu.
Pistari Rekarteren izena jarriko zaio. Ezaguna zenuten?
Txikitatik izan gara motorzaleak, eta nahiz eta bera kanpoan bizi zen, jai zeukanean etorri egiten zen. Udalak proposatu zuen bere izena jartzea, eta oso ondo iruditzen zaigu. Saiatuko gara soinu pixka bat ateratzen!
JUAN FERMIN REkARTE MOTOKROSS ZIRKUITUA
«Soinu pixka bat aterako dugu Rekarteren omenez»
Datorren igandean, hilak 30ean, motokross pistari Rekarteren izena emanen diote, eta omenaldi bat eginen diote bertan.
Behin motokross pista kudeatuko duen klubarekin hitzarmena sinatuta, zirkuitoa martxan jartzea besterik ez da falta. Hain zuzen, hilaren 30ean eginen dute inaugurazio ekitalditxoa, eta Juan Fermin Rekarteren izena daramakien plaka jarriko dute bertan. Rekartek familia zeukan Aranon, eta motorzale eta aranozale amorratua zen. Orain urtebete hil zela eta, haren omenez jarriko dute plaka bertan. Aurrena meza eginen da, eta ondoren, 12:00ak aldera jarriko da plaka. Fly Groupeko kide batzuk ere bertan izanen dira, «soinu pixka bat ateratzeko».