Irailean sortu eta jarri zen martxan Goizuetako Etxebizitza Batzordea, Udaleko ordezkari eta herritarrek osatutakoa, eta dagoeneko lanean da buru-belarri.
Etxebizitzaren arazoa aztertzeko sortu zen Batzorde berezi hau, eta herritarren iritzia jakiteko asmoz, etxez etxeko inkestak banatzen hasi dira bertako kideak.
Goizuetako beharrak eta eskaintza, aztergai
Etxebizitza Batzordeko kideek jakinarazi dutenez, «inkestan herrian dagoen etxebizitza eta lokal komertzial, bulego, biltegi eta bestelakoen beharrari eta eskaintzari buruzko galderak biltzen ditu». Dena den, inkesta herritarren proposamenei irekia dago, izan ere, «Goizueta bizileku bezala hobetzeko, iritziak emateko tartea ere izanen du», azaldu du Etxebizitza Batzordeak berak.
Herritar guztiengana iristea, helburu
Batzordearen helburua da «herritar guztiengana iristea, herrian bizi dena zein baserrietan; baita herrian etxea duena eta kanpoan bizi denarengana ere».
Eta horiei guztiei animatu nahi diete galdetegia betetzera: «herritar guztiei dei egiten diegu inkesta betetzeko tartetxo bat hartu, eta beraien beharrak, nahiak eta asmoak adieraztera».
Dei berezia egin diete, gainera, Goizuetan bizitzeko interesa izan dezakeenari; beraiek etxebizitzabatzordea@gmail.com helbidearen bitartez beraiekin harremanetan jartzeko aukera izanen dute.