Gobernu Taldeak mozioa aurkeztu du, proposamen batekin: haur eskola berria egungo kultur etxea dagoen lekura eramatea. Hala azaldu dute Kronikara bidalitako prentsa oharrean: «kultur etxe berria Kontxa Etxeberria plazan eraikitzen denean, haur eskola publikoa egungo kultur etxera eramatea proposatu dugu».
EH Bildurekin duen desadostasuna ere azpimarratu nahi izan du Gobernu Taldeak prentsa oharrean: «oposizioak planteatu du Udalak Urumea Berrin jasoko dituen lokaletako batean kokatzea haurreskola publikoa; hau da, haurtzaindegi pribatuaren parean».
Gogoratu dute, gaur egun, Astigarragako haurtzaindegi publikoa Nabarra Oñatz kaleko bi lokal ezberdinetan dagoela: «2015-2016 ikasturtearen hasieran Udalak bigarren eremu bat zabaltzeko erabakia hartu zuen. Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolen Patzuergoak ez zuten egoki ikusi haurrak bi lokaletan banatuta egotea. Erabaki bat hartu beharra zegoen ordea, izen-emate eskaerek gora egin baitzuten».
«Urumea Berrira eramateak beste inbertsio bat eskatuko luke»
Gobernu Taldearen esanetan, EH Bilduren planifikazio faltak eraginda, udalak 52.000 euro inbertitu behar izan zituen lokalaren egokitzapen lanetan: «EH Bilduk ez zuen ondo aztertu gaia, eta haurtzaindegiarekin petatxo bat jarri besterik ez dute egin. Orain proposamen berriarekin datoz. Argi dago beraien legealdian ez zituztela astigartarrek dituzten beharrak ondo planifikatu».
Azaldu dute, haurtzaindegia Urumea Berrira eramateak beste inbertsio bat ekarriko lukeela: «inbertsio mardul bat egin beharko luke, oraindik Nabarra Oñatzeko bigarren lokalaren lanak bukatu gabe daudenean. Egungo lokalak kostu gehigarri batzuk izan ditu: egokitzapena, alokairua, kanpoan parkea egitea...». Hori horrela, Gobernu Taldeak dio EH Bilduren proposamenak ez duela ez hanka ez bururik: «guk proposatu dugu egungo kultur etxean jartzea haurreskola publikoa. Ideia hau duela bi legealdi Haurreskolen Patzuergoko kideei luzatu zitzaien, eta begi onez ikusi zuten. Gainera, mozioari beste proposamen bat gehitu diogu: kultur etxeko gainontzeko espazioa gurasoek kudeatzea, EAJk programan jaso zuen bezala, eta erantzuna emanez haur txikiak dituzten gurasoek urteetan egindako eskaerari».