Txantxillako futbol zelaiari agurra

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 22a, 02:00

EGILEA: URKO APAOLAZA

Kanposantu izandakoak men­de hasieran utzitako hu­tsunean, garai batean trintxerak zeuden gain horretan, gaz­te koadrilak baloiarekin joka­tzen hasi ziren gerra ostean. Gero, aurten 75 urte bete dituen Club Deportivo Herna­niren bultzadaz, zelaia egin zuten 1950ean, eta Txantxilla Hernaniko futbolaren santutegi bihurtu zen ia mende erdiz.
Bertatik igaro dira futbolari bikainak, harrobiko jokalariak, taldeak ahalik eta hoberen zuzendu dituzten teknikoak... Izen ezagun horiez gain, elkartea aurrera ateratzeko beste makina bat lagunen lana ere beharrezkoa izan da, ordea. Txantxillako kanpoa baldintza onean mantentzeko, egunero txingurriak bezala aritu izan den jendea. Halaxe ibiltzen zen askorentzat ezaguna den Piter, eta baita Joxan Arabiotorre ere. Azkeneko hau omenduko du aurten Txantxillako auzo elkarteak festetan, eta bide batez, zelai zaharreko altzifreen itzalean lanean aritu ziren guztiei aitortza egingo die.

«Txantxillako futbol zelaia 1950eko abuztuaren 28an inauguratu zuten, Real Sociedad taldearen kontrako partiduarekin»

1950eko inaugurazioa
Txantxillan 40ko hamarkadan futbolak susperraldia izan zuen, herrian lehiaketa ere antolatzen hasi ziren hainbat lagun-talderen artean. Ordu­rako Club Deportivo Hernani sorturik zegoen, eta atletismoaz gain, futbola zuen kirol nagusi. Lehiaketa ofizialetan parte hartzen hasi zirenean baina, hildakoentzat izandako eremu soildu bat baizik ez zutela konturatu ziren, eta elkarteko zuzendaritzako kideek, Tiburtzio Agirre buru zela, benetako joko-zelai bat egiteko gestioak hasi zituzten.
Aldameneko benefizentzia etxeari harturiko lurrekin eta Aurrezki Kutxa Munizipalak emandako kreditu batekin eraiki zuten Txantxilla. 1950­eko abuztuaren 28an inauguratu zuten, San Agustin egun batez,  Real Sociedad taldearen kontrako partiduarekin. Neur­keta hartan sekulako jendetza bildu zen, orduko argazkietan suma daitekeenez (Errealak 1-2 irabazi zuen), eta egunkariek kanpo berrian ere jarri zuten arreta: «Magní­ficamente em­pla­zado», zioen asteleheneko orriak; «coqueto campito», deitu zion El Diario Vascok; «la hierba crece con raíces de calaveras», azaldu La Voz de Españak.
Txantxilla beste kirol, erronka eta ekitaldien eszenatoki ere izan da (gaurko kros lasterketa kasu), baina iraganean futbola izan du beti odolean. Gizonezkoen lehen taldea 3. mailan finkatu zen eta partiduak bereziak zirela diote garai hura bizi izan zutenek. Batetik, zelaiaren beraren fisionomiagatik: goi batean eraikia, gotorlekuaren itxura zuen, eta trintxera edo lubaki horretan kontrako taldeek gorriak ikusten zituzten. Bes­tetik, herrian bertan sor­tzen zen ikusminagatik, Tilose­tako dantzaldietatik hasita.

25 urte Zubipera aldatu zela
80ko hamarkada amaieran gero eta nabarmenagoa zen, azpiegiturak txiki geratzen ari zirela goi mailako eta bestelako kategorietako hainbeste talderentzat. Joko zelaiaren egoerak ere kezka sortzen zuen, nahiz eta «erreka eta hondar­tzako» harea bota eta zapaldu egiten zuten denboraldiaren hasieran.
1989ko ekainaren 10ean Her­naniko Udal Plenoak «Landareko futbol zelai berria eraikitzea» onartu zuen. Hortik hilabete gutxira jadanik obratan ari ziren Zubipe izango zenaren lurretan, eta jokalari nahiz herritarrek begi bat Txantxillan baina bestea Urumearen bazter horretan zuten jarrita.
Txuri-berdeek Barakal­do­ren kontra jokatu zuten 1991ko urriaren 27an, Zubipe inauguratu zen egunean. Hernani ordurako 2. B mailan zegoen, urte hartako San Joan bezperan igoera ziurtatzen zion garaipena lortu baitzuen San Vicente de la Barqueran. Sortu eta hazten ikusi zuen Txantxilla zaharra, bere ibilbidearen gorenean utzi zuen Hernanik.
Hala ere, klubak Txantxilla hainbat urtez erabiltzen segi zuen, gaztetxoen taldeekin, 90eko hamarkadan. 2000. urtean Udalak aparkamendua jarri zuen bertan. Hezur, hondar, brea eta historia horren guztiaren gainean jaso zuten egun ezagutzen dugun auzoaren zati bat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!