EGILEA: URKO APAOLAZA
1950ean jaio zinen, hain justu Txantxillako zelaia inauguratu zen urtean. Baina noiz hasi zen futbolarekiko zure harremana?
Txikitan Hernanitik Valladolidera bidali ninduten barnetegi batera, eta han futbolean aritzen nintzen. Harrobirako ere fitxatu nahi izan ninduten, baina esan nien jokatzekotan nahiago nuela nire herrian jokatu.
Hernanira itzultzean Txantxillako zelaia zaintzen hasi eta horretan aritu zinen desagertu zen arte, bertako neurriak ederki ezagutuko dituzu.
Ate batetik bestera. Josetxo Tejedor eta biok zelaia markatzen genuen eta hondar koskorrak desegiteko ureztatu... arrastelua ere pasa behar izaten genuen, eskuz! Gero, Kolonbo (Joxe Mari Mendizabal) hasi zenean, furgonetarekin egiten genuen hori. Larunbatean goizeko seietan hasten ginen lanean.
«Bartzelonako Calderék ez zuen Txantxillan jokatu nahi izan: jendea gainera etorriko zitzaiola uste zuen!»
Hori baino gehiago egiten zenuten.
Txantxillako kantina barruan makina bat aldiz jarri ditugu kamisetak zintzilik butanozko estufaren azpian lehortzeko, inoiz surik hartu ez bazuten... Askotan afari mokadua egiten ere geratzen ginen musika eta guzti. Partiduaren momentuan, berriz, atean sarrerak kontrolatzen nituen.
Ez al zen inor ordaindu gabe pasatzen?
Batzuetan, igoal atzeko aldetik. Baina zer egin behar zenuen? Behintzat Hernani animatzera etor zitezela. Baloia aldameneko baratzera erortzen zenean ere gaztetxoek aprobetxatzen zuten tomate batzuk hartzeko, txantxetan... Baina mojekin bromarik ez, horiekin askotan edukitzen genuen sesioa baloiak hormaren beste aldera joaten zirelako.
Zelaia sarritan ez zen egoera onenean egoten...
Euria egiten zuenean putzuak sortzen ziren eta lokatz haundia izaten zen. Kare-piloak egin behar izaten genituen zelaiaren ertzak ikusteko.
Hala ere, Txantxillan garai oparoak igarotakoa da Hernani. Zein partidu daukazu gogoan?
Gogoan dut Sanseren kontrako bat, uste dut Gipuzkoako kopako finala zela. Hura jendetza zegoena, musika banda ere etorri zen. Bandak Bartali jotzen zuen Tilosetan Hernanik irabazten zuen aldiro.
2. B mailako hasierako partidu batzuk jokatu zituen bertan gizonezkoen lehen taldeak. Neurria ematen al zuen?
Zelaiak bai baina aforoak eta beste instalazioek ez. Ordurako Zubipe egiten ari ziren eta horregatik utzi ziguten. Akordatzen naiz behin Bartzelonako Calderék ez zuela bertan jokatu nahi izan: jendea gainera etorriko zitzaiola uste zuen! Astigarragan ere jokatu behar izan genuen denbora batez hemen ezin genuelako.
Txantxilla utzi ondoren Zubipen segi duzu lanean, besteak beste emakumezko taldearen delegatu bezala. Zer sentitzen duzu gaur egun futbol zelai zaharra zegoen tokia ikusten duzunean?
Askotan, autobusean pasatzen naizenean pentsatzen dut, zelaia hortik kendu eta behera eramatea ere! Hor bazegoen tokia futbol zelai on bat egiteko.