Hogeita bost urte daramazki Xaguxar elkarteak, herrian denbora librerako ekintzak antolatzen, eta hori bada ospatzeko nahikoa motibo. Ehundaka lagun izan dira, modu batera edo bestera, Xaguxarren parte izan direnak, eta gaur, egun osoko festara gonbidatu dituzte guztiak. Foru Plazan jarri dute hitzordua, eta goiz eta arratsalde izango da jaia. 11:00etan puzgarriak, ohe elastikoak eta jumpingaren irekiera izango dira, eta honekin, festaren hasiera. Eguerdian, 14:00etan, bazkari eder baten bueltan elkartuko dira Xaguxarreko begirale, haur eta gazteak; aisialdi taldeko iragana, oraina eta etorkizuna. Bazkalostean festak segida izango du, puzgarriekin eta DJarekin.
Kamisetak, salgai
Hainbat ekintza izan dira urteurrenaren bueltan, eta kamisetak ere saldu dituzte. 10 euroan eskuratzeko aukera izango da gaur.
Aisialdi ekintzak, 25 urtez
Bilakaera luzea izan du aisialdi taldeak mende laurden honetan, eta gaur egun bi dira dituzten eskaintza nagusiak: batetik, urtean zehar antolatzen dituzte asteburu pasak, tailerrak eta beste hainbat ekintza. Opor garaiko aisialdiaz ere arduratzen dira: gabonetako ludoteka eta udaleku irekiak, esaterako.