Batzar irekia deitu zuen EH Bilduk asteartean, Kultur Etxearen proiektuaren zirriborroa aurkeztu eta herriko espazioen inguruan herritarrekin hitz egiteko. Gaiak interesa sortu zuen astigartarrengan, eta 50 lagun inguru elkartu ziren.
EH Bilduk Kronikari azaldu dionez, oso balorazio positiboa egin du: «asistentzia mailagatik eta herritarrek egindako ekarpenengatik». Batzarrari dagokionean, EH Bilduk kultur etxearen zirriborroa aurkeztu zuen: «behe solairuan 250 pertsonentzako aretoa, liburutegia eta administrazio-harrera gunea aurreikusten ditu. Aurreneko solairuan arte plastikoen tailerra, ikastaroentzako areto bat, bi biltegi txiki, office bat eta bilera gela. Eta azken solairuan musika eskola». EH Bilduk azaldu duenez, iritzi eta ekarpenen artean, zalantza gehien sortu zituena Musika Eskola izan zen: «herritar ugarik ez zuen konpartitzen Musika Eskola kokatzea, eta hainbesteko espazioa ematea. Kultur Etxe berriak oraingoa baino tamaina haundiagoa izango badu ere, gaur egungoaren kopia bat zela ere kritikatu zuten. Funtzionamenduari dagokionean, adierazi zuten espazio eta zerbitzu berriak eskaintzeko aukera haundirik ez zuela emango (aretoa salbu). Bestetik aldarrikatu zuten, esklusibotasunak baztertuz, Kultur Etxeak denentzako espazioa izan behar zuela».
Batzarrean herritarren parte hartzeaz ere hitz egin zen: «diseinuan parte hartzeko eskubidea bermatu behar dela azpimarratu zela azaldu du EH Bilduk: «horrelako proiektu estrategikoa, herritarrekin eta herriko eragileekin konpartitu eta eztabaidatu behar dela aldarrikatu zuten gehienek».
Urumea Berriko promotorearen egoeraz ere aritu ziren: «hitzarmenean konpromiso ekonomikoak hartu zituzten kultur etxearekiko eta herritarrekiko, eta horiek murriztea proposatu dute orain. Herritarren artean ezinegona areagotu zuen honek, eta promotoreak bere garaian sinatutakoa betetzeko eskatu zuten»
Batzarrean herriko gainontzeko espazioen berrantolaketa proposamena ere aurkeztu zuen EH Bilduk: DBH institutuaren kokalekua; Galtzaur Jubilatu Egoitza haundiagoa; Behin betiko haurreskola haundiagoa; Musika Eskola haundiagoa; Gazte lokal haundiagoa, eta ahal bada, lekuz aldatzea; Astigar dantza taldearen entsegu gela; Aiztondo egoitza konpartitua; Euskaltegia-AEKrentzat espazio bateratua; Brigadaren lokala poligonoetara pasa; Etorkizunean Kiroldegia haunditzeko aukerak bermatu; KZ gunea eta Gazte Informazio Gunea kokatu; Haurrentzako ludoteka zerbitzua; eta etorkizunerako udaletxea haunditzeko aukerak bermatu.
Azaldu dutenez, behar hauen artean gehien baloratu zena izan zen brigadaren lokala poligonora eramatea. Bestalde, EH Bilduk gogorarazi zuen irailaren 1ean mozioa aurkeztu zutela haurreskola Urumea Berrin kokatzeko, brigadaren lokala poligonoetara pasatzeko eta herri bideetan inbertsioak egiteko: «baina EAJren blokeoa medio, ezin izan zen mozioa eztabaidatu».
Zita, azaroaren 15ean
Asteartekoa aurreneko pausua izan zela azaldu du EH Bilduk, eta datozen hilabeteetan asmoa dutela eragileekin bildu eta denen artean proposamen bateratu bat aurkezteko. Era berean, ekarpenak egin edo informazioa jaso nahi dutenentzako hiru kanal jarri dituzte: Facebook edo Twitter, 943 33 52 45 edo astigarraga@ehlbidu.eus. Ekarpen eta iritzi guztiak bilduta, hurrengo batzarra azaroaren 15ean egingo dute.