Zita hirukoitza izango da gaur, Bakailu Astearen barruan. Azkeneko eguna dute herritarrek, hainbeste mugimendu sortu duten pintxoak probatzeko, tabernen arteko lehiaketan. Iluntzeko 20:00etan bukatuko da, eta orduan jasoko dituzte kutxak, herritarren boto guztiekin. Zeinena izan da pintxo onena?
Euro batean daude pintxoak, taberna hauetan: Aralar, Atxiki, Atxur, Deportivo, El Caserio, Goiz Argi, Gunea, Guria, Herriko Etxea (PSE-EEren egoitza berrian), Horbel, Joxe Mari, Karrero, Kitto, Kixkal, Oindi, Rioja, Rufino, Tamer, Tripontzi, Txilibita, Txoko kafe bar eta Zumitza.
Hain justu, azkeneko pintxo horiek girotzeko, 20:00etan bertan abiatuko da Rockalean, kale animazioa, ordubetez.
Eta 21:00etan, Iparragirre sagardotegian jarri dute zita, sagardo eta bakailu uztartze afaria egiteko. 27 euro dira, eta sagardotegian bertan eman behar da izena: 943 55 03 28 edo 943 33 73 70.
Bakailu Festa, igandean
Eta Bakailu Asteari bukaera onena emateko, Bakailu Festa ospatuko dute igandean, Atsegindegin, goizeko 11:00etatik 14:30etara. Bakailua pil-pil eran lehiaketa egingo dute, sariak banatu, pintxoak, sagardoa...
Eta igandean bertan, bisita gidatua ere egingo dute, hirigune historikoan. 11:00etan abiatuko dira, turismo gunetik (Biteri aurrean). Euskeraz izango da, doan, eta ez dago aurrez apuntatu beharrik.