Dagoeneko hasi dituzte lehiaketak, Hernani Eskubaloi Taldekoek, kategoria ezberdinetan. Baina denboraldiari hasiera polit bat emateko, festa antolatu dute larunbat honetan. Atsegindegin elkartuko dira, eta bertan aurkeztuko dituzte, eguerdiko 12:30etan, infantil eta kadete mailako talde guztiak. Luntx batekin lagunduko dute ekitaldia.
Eta ondoren, lagunarteko bazkaria egingo dute bertan. Bazkalostean, gainera, haurrentzako jolasak, bingoa eta zozketak izango dira.
Erakusketa, Nafar kalean
Horrekin lotuta, erakusketa ere jarri dute, Nafar kaleko 21 zenbakian, Ibaimendi ondoko lokalean. Eskubaloi talde eta jokalarien kamixetak daude bertan; hain justu, bazkariaren ondorengo bingoko sariak. Herrialde askotatik bidalitakoak dira. Karabaticen baloia eta Albert Rocasen zapatillak ere badaude tartean!
Eta festa borobiltzeko, SD Teucrok, Estatuko bigarren talde zaharrenak, Hernaniko kiroldegian entrenatuko du bihar, 20:00etatik 21:00etara.