Datorren astean jarri du urteroko zita, Hernani Wukrorekin GKEak: urriaren 24tik 30era ospatuko dituzte Wukro herriarekin Elkartasun Jardunaldiak, hamabigarrenez. Lau ekintza antolatu dituzte aurten, eta bertan egongo da Angel Olaran ere. Hain justu, berak emango du hitzaldia, astelehenean, jardunaldiei hasiera emateko; arratsaldeko 19:00etan, Biterin.
GKE, elkarte eta taldeen topaketa, larunbatean
Aurten, gainera, topaketa egingo dute, Angelen proiektuetan laguntzen duten GKE, elkarte eta taldeek; 20 taldetik gora, guztira. Urriaren 29an izango da hori, larunbatean.
Eta larunbatean bertan, zumba solidarioa ere antolatu dute, 11:00etan Atsegindegin. Arritxu Iparragirre eta Aizpea Arroyok gidatuko dute, eta parte hartzeko, aurrez apuntatu behar da: 16 urtetik gorakoek 5 euro, gazteagoek doan.
Eta igandean, beste bi zita: meza Agustinetan, 09:00etan, Angel Olaranen eskutik. Eta Elkartasun Bazkaria 14:00etan, Txantxangorri elkartean; 22 euro dira.
Bazkarirako txartelak erosteko eta zumbarako izena emateko, hiru aukera: Miguel Lujanbio, Iruretagoiena, edo ostegunean ferian.
Hernani Wukrorekin GKEak bere laguntza eskatu die herritarrei, eta urte guzti hauetako babesa eskertu diete.