Mapa Morea, Udalaren egitasmo berria

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 15a, 02:00

Asteazkenean aurkeztuko du Berdin­tasun sailak Udalak martxan jarriko duen egitasmo berria: Mapa Morea. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da saioa, kultur etxean, eta ordu batez arituko dira ekimen berri honen aurreneko pausuak emateko. 

Mapa Morea osatzea, helburu
Helburua da herria genero ikuspegitik aztertzea, eta horretarako, mapa osa­tzeko, parte-hartze prozesu bat egingo da, asteazkeneko saioarekin hasiko dena. Bertan, hiru gai landuko dituztela jakinarazi du Udalak: hasteko, Mapa Morearen aurkezpena eta azalpen laburra egingo da; gero, urbanismoa eta generoa aztertuko da; eta bukatzeko, Mapa Morea egiteko pausoak zein izango diren zehaztuko dira. 

Proiektuak, lau ardatz
Mapa Morea «herritarrek herriarren­tzat» sortuko duten «lan tresna erabilgarria» izango dela dio Udalak, banatuko duen eskuorrian. Bertan, «herritar guztiek espazio publikoan parte hartu eta espazio publikoaz gozatzeko, eta hirietako ekimen-estrategietan erabakiak hartzerako garaian dauden aldeak murrizteko berdintasun-baldintzak» landuko dituzte. 
Eta lan hori osatzeko, lau ardatz hartuko dira kontuan: segurtasuna eta autonomia; mugikortasuna eta irisgarritasuna; emakumearen presentzia erreal eta sinbolikoa espazio publikoan; eta zaintza, lan ugalkorra eta eguneroko bizitzarako espazio eta ekipamendu publikoen sarea. 

Gonbidapena, herritarrei
Egitasmo irekia izango da; beraz, interesa daukaten herritarrak aurkezpenera joatera gonbidatu dituzte. Gaine­ra, behar duenarentzat jakinarazi dute haurtzaindegi zerbitzua izango dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!