Gaur ekingo diote auzotarrek, Lizeaga 3.0 prozesuko bigarren faseari. Hilaren 5ean aurkeztu zuten plangintza, eta bost tailerretan banatu dute; aurrenekoa, gaur egingo dutena, diagnostiko tailerra izango da.
Urumea ikastolan egingo dute saioa, 19:00etan hasi eta 21:00etara arte, eta auzotar guztiak gonbidatu dituzte.
Auzotar guztiei luzatu die deia Gibelaldek, saiora azaltzeko: «auzoaren etorkizuna gure esku dago».
Helburua, arazoak eta aukerak identifikatzea
Izan ere, guztien artean egin beharrekoa da aurreneko lana: auzoaren arazoak eta aukerak identifikatzea, eta baita bien arteko harremanak aztertzea ere. Horixe izango da gaurko saioaren helburua: «gogoeta kritikoa sortu nahi dugu, arazoak diagnostikatu, eta epe ertain eta luzerako ekintzak eta estrategiak identifikatu eta proposatu, beharren lehentasunen arabera», azaldu du RB3 arkitekto eta hirigile taldeak, prozesuaren kudeatzaileak.
Hurrengo saioa, azaroaren 2an izango da, eta horretan, etorkizuneko auzoa definitzen hasiko dira, nolakoa nahi duten auzotarrek.
Horregatik, saio guztietara azaltzeko deia luzatu die Gibelalde auzo elkarteak: «auzoaren etorkizuna gure esku dago, zuen zain egongo gara».