Gipuzkoako Foru Aldundiak haur eta nerabe askoren ardura hartu behar izaten du urtean zehar, beraien gurasoek ezin dituztelako ondo zaindu. Ondorioz, gaur egun 313 haur eta nerabe bizi dira Foru Aldundiak berak kudeatzen dituen egoitzetan. «Eta horietatik 60 daude familia baten zain», azaldu du Gizarte Politikako sailak.
Hori dela eta, kanpaina berria abiarazi du Foru Aldundiak harrera familia horiek lortzeko asmoz. Kanpaina berri honetan, Diputazioak azaldu duenez, «era askotako familiak behar dira: larrialdi harrera egiteko prest daudenak, baina baita ere behin behineko harrera edo luzarokoa egiteko prest daudenak. Eta umeen adina ere desberdina izaten da: baditugu ume txikiak, baina baita nerabeak ere, eta horientzat oso garrantzitsua da aukera izatea familia batean bizitzeko».
Dena den, Diputazioak gogorarazi du beharra «etengabea» dela.
«Azken finean, Beroako familiek esperientziak konpartitzen ditugu, eta nork ulertuko zaitu errazago?»
«Prozesu garbia»
Duela bost urte inguru, behar horiei erantzunez, harrera familia izateko eskaera egin zuen Virginia Peña hernaniarrak. Familia gurasobakarra osatzen du, eta ordurako erabakia oso argi zuela kontatzen du: «beti esan izan dut ‘bat nirea, eta bestea adoptatua’. Eta harreran hartzea erabaki nuen; alde batetik, hemengoa delako, eta bestetik, prozesua oso garbia delako».
Kasu honetan, Peñak oso garbi zeukan arren, harrera-familia izateko prozesu osoa bete behar izan zuen, beste guraso guztiek bezalaxe: «lehenengo pausua formazioa da. Luaka enpresak kudeatzen du prozesu osoa, baita formazioa ere. Bertan azaltzen dizute harrera prozesu osoa, zer egin behar den... eta han banatzen dituzte eskaera egiteko paperak. Hortik aurrera, harrera programan sartu nahi baduzu, eskaera egin behar duzu».
Diputazioak argi utzi nahi du haur bat harreran hartzeak ez daukala zerikusirik adopzioarekin.
Hainbat baldintza
Baina formazio horretan seguruenik azalduko duten bezala, harreragile izateko eskaera egin nahi dutenek, hainbat baldintza bete behar izango dituzte, aurretik Foru Aldundiak zehaztuta dituenak: familia osoak ados egon behar du erabakiarekin; garbi izan behar dute beraien nahia harrera egitea dela, ez adoptatzea; prest egon behar dute haurra edo nerabea beraiekin hartzeko, kontuan hartuta ume horren historia, ohiturak, familia eta izaera; familia horrek malgutasuna izan behar du aldaketetara moldatzeko; prest egon behar dute profesionalen informazioa eta aholkularitza jasotzeko; jakin behar dute arazoak izango dituztela, askotan zailak gainera; baina ez dira izaten arazo gaindiezinak.
Horrez gain, Diputazioak argi utzi nahi du haur bat harreran hartzeak ez daukala zerikusirik adopzioarekin: «aldi baterako neurria da, jatorrizko familiak bere arazoak konpondu arte. Gainera, azken helburua adingabea etxera itzultzea da.
Eskaera beteta, bi aldiz pentsatu gabe
Baldintza horiek betetzen zituela ikusita, eta erabakia jada hartuta, berehala bete zuen ama hernaniarrak eskaera-orria, eta zuzenean bigarren fasean sartu zen: «denok ez gara gai harrera-familia izateko. Horregatik, balorazioa egiten dizute bigarren fasean. Ez da erraza, urduritasuna da nagusi; izan ere, zure pertsona erakutsi behar duzu».
Berak arazorik gabe gainditu zuen balorazio teknikoa, eta bere kasuan prozesua «oso azkarra» zela onartzen du: «balorazioan gai zarela esaten dizutenean, harrera-guraso poltsa batean sartzen zara, eta hortik aurrera, haur bakoitzarentzat egokiena den gurasoa egokitzen dute. Nire kasuan, gurasobakarra naizenez, haur helduxeagoa eman zidaten, 7-8 urte zituen orduan».
Baina hau oso aldakorra da, eta kasuan kasu, prozesuaren iraupena aldatu egiten da.
Esperientzia aberasgarria
Gizarte Politikako sailak azaldu duenez, «harrera familiekin hitz egiten dugunean, esaten digute oso esperientzia aberasgarria dela. Umeari maitasuna eta segurtasuna ematen diotela, baina trukean %200a jasotzen dutela».
Hori, hain zuzen, baieztatzen du Virginia Peñak: «niretzako zoragarria da; egia da oso gogorra dela, ez da gauza erraza, baina niretzako, ikusteak ze aldaketa egin duen alabak, ze zoriontsu den... horrek betetzen nau. Beste guztia gainditu egin behar da, poliki-poliki». Dena den, onartzen du, horretarako laguntza ere badaukatela.
Beroa Elkartea, oso garrantzitsua
Laguntza horretan, ezinbestekoa da Beroa Elkartea aipatzea, Gipuzkoako harrera-familien elkartea, hain zuzen. Virginia Peñak dioen moduan, Beroak garrantzia haundia dauka harrera-familien bizitzan: «guretzat, harrera-familia bezala, gure erreferentzia da Beroa, bai niretzat, baita alabarentzat ere».
Batez ere, makulu pertsonal bezala erabiltzen du Peñak elkartea: «azken finean, Beroako familiek esperientziak konpartitzen ditugu, eta nork ulertuko zaitu errazago?».
Ondorioz, harrera-familiak elkartzeko lekua da Beroa Elkartea, baina, horrez gain, hainbat zerbitzu eskaintzen zaizkie familiei: informazioa, orientazioa eta aholkularitza; informazio eta prestakuntza hitzaldiak; aisialdiko jarduerak eta udalekuak; eta Etxegorriaren, haurren eta beren familia biologikoen arteko bisitaldi ikuskatuak egiten diren gunearen kudeaketa.
Argibide gehiagorako, harremanetarako bi bide
Harrera-familia izateko gogoa daukatenentzat, informazio gehiagorako edota zalantzak argitzeko bi bide ireki ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak: bata, telefonoz, 943 11 25 22 zenbakian; eta bestea, helbide elektronikoz, familiaharrera@gipuzkoa.eus.