Aldundiak kudeatuko ditu zaharren egoitza eta eguneko zentroa, 2019tik

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 18a, 02:00

2019an pasako dira Hernaniko zaharren egoitza eta eguneko zentroa, Gipuzkoako Foru Al­dundiaren esku egotera. Kabia foru erakundea sortu dute ho­rretarako, eta bere gain har­tu­ko ditu Gipuzkoako 16 egoitza. Udaletatik erakundera tran­tsi­zioa egiteko, plangintza bat prestatu dute, eta Hernanikoak izango dira azkenekoak, 2019ko bigarren seihilekoan.
«Aspalditik datorren gaia da», azaldu du Luis Intxauspe alkateak: «1999-2003 legegin­tzal­dian, Legebiltzarrak defi­ni­­tu zuen zein konpetentzia di­ren Aldundienak eta zein Uda­lenak, menpekotasuna duten pertsonen gaietan. Eta zehaz­tu zuen, zaharren egoitzak eta eguneko zentroak Aldundien eskumena izango direla».
Horretarako, Kabia sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldun­diak, aurreko legegintzaldian, eta plangintza osatu zuen, trantsizioak egiteko. Horren arabera, 2018an pasako ziren Hernaniko bi zentroak, Aldun­diaren eskuetara. Baina lege­gintzaldi aldaketarekin, plana bertan behera geratu zen, eta bederatzi hilabeteko epean aztertu dute gaia. Horrela, au­rreko astean aurkeztu zuten plan­gintza berria: 2019an egin­­go dute trantsizioa, Hernani­ko zentroek.

Erabiltzaileen familiak eta bertako langileak, kezkatuta
Aldaketa horren aurrean, bere kezka erakutsi diote Herna­ni­ko Udalari, zaharren egoitza­ren eta eguneko zentroaren erabiltzaileen familiek, zerbi­tzua zer nolakoa izango den orain; eta baita bi zentroetako langileek ere, beraiekin zer gertatuko ote den.
Xabier Lertxundik, Ongintza patronatuko lehendakariak, argitu du ez dela izango «txu­ri­an sinatuko dugun txeke bat, ez zerbitzuaren aldetik, eta ezta langileen baldintzetan ere. Hemendik trantsizioa gertatu arte, lanean jarraituko dugu, eta beste egoitzen integrazioak nola ematen diren aztertuko dugu, gurea ahalik eta modu onenean egiteko».

«Gustatuko litzaiguke egoitzek bere izaera mantentzea»
Izan ere, negoziazio pro­ze­su batean murgilduko da Udala, Kabia erakundearekin: «bede­ra­tzi hilabeteko prozesu ho­rre­tan, oso gainean egon gara, politikoki eta teknikoki. Her­naniko Udalean, lehentasun bat izan dira egoitzak urte hauetan, aurrekontu aldetik eta zerbitzuen kalitatearen al­de­tik, eta ez dugu utziko tras­pa­so honekin kalitatean behe­rakadarik egoten. Herrian oso txertatuta dagoen egoitza da, pisu haundia daukana, eta gustatuko litzaiguke izaera hori mantentzea».
Eta berdin langileei dago­kienean: «Hernaniko egoitze­tan, funtzionarioek daukaten egoera ona da, eta bermatuko dugu etorkizunean berdin ja­rraitzea. Horretarako, bildu gara Udaleko komitearekin, Gizarte Zerbitzuen komitea­re­kin eta udal teknikariekin, langileen kezkak jaso eta Al­dundiarekin sinatuko dugun hitzarmenean argi eta garbi isladatzeko, langileek eska­tzen dituzten baldintzak».

«Urtebete beranduago sartzeak, kostu bat suposatuko dio Udalari»
Plangintza aldatzeak, Udalari eragiten diola azaldu du Ler­txundik: «urtean 850.000 euro bideratzen ditugu horretara, eta urtebete beranduago sar­tze­ak, kostu bat suposatuko dio Udalari, Aldundiarena den eskumen batean. Maite Peña diputatuak azaldu zigun, diru­la­guntza bat izango zela, bai­na inola ere ez gastu osoa ku­bri­tzeko. Beraiekin bilduko gara horri irtenbide bat bilatzeko».
Izan ere, horrek suposa­tzen du, Udalaren eskumena diren zerbitzuetan, muga ba­tzuk izatea, eta ezin inber­ti­tzea behar bezainbeste: «lehe­nago sartu edo ez, kriterio teknikoen arabera proposatu dute, Hernanikoa konplika­tu­e­na delako, langileen egoera eta egoiliarren kopurua kon­tutan hartuta. Baina ekono­mikoki, kalte bat suposatzen digu urtebete atzeratzeak, eta horrek ordain bat behar du».
Gaur egun, 60 lagunentzat dago tokia eguneko zentroan, eta beste 114 lagunentzat, za­harren egoitzan. Eta langileei dagokienez, 120 dira aldaketa honek eragingo dienak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!