«Birfundazio Kongresua ezin da egungo Sortuko kidegoaren barne mailako eztabaida bat izan, etorkizuneko Sortuk izan behar duen horren inguruko hausnarketa eta eztabaida izan behar du», azaldu du Sortuk.
Horregatik, urtarrilaren 21ean egingo da Kongresua, eta ordura arte, eztabaidarako epea ireki du, ezker abertzaleko kide guztien artean.
Proposamenetarako epea zabalik, azaroaren 3ra arte
Maiatzean bukatu zen Abian eztabaida, «garatu beharreko estrategia independentista eraldatzailearen hezurdura marraztu zuena», azaldu du Hernaniko Sortuk; «ezker abertzalearen indar militantea, hain beharrezkoa zaigun kultura politiko berri baten eraikuntzari lotuta, birrartikulatu eta herri hau martxan jartzeko gai izango den Sortu berria eraikitzea, hain zuzen».
Horrela, uztailaren 2an Gasteizen egindako Asanblada Nazionala izan zen «Sorturen Birfundazio Prozesuaren abiapuntua», eta urriaren 8an egin zen publiko 34 kideen ponentzia politiko-organizatiboa: «Oinarri ideologikoak: Sorturen izaera, baloreak, erronkak eta funtzioak; Ildo politikoa: burujabetza prozesuaren definizioa eta Sorturen praxi politikoa; Eredu organizatiboa: Sorturen printzipio eta egitura organizatiboak».
Orain beste proposamen batzuk egiteko epea ireki da azaroaren 3ra arte, eta Kongresura arteko egutegia zehaztu da.
Kongresu-prozesu irekia
Hau guztia egiteko, «akreditatzen diren ezker abertzaleko kide orori» luzatu diote parte hartzeko gonbita. «Funtsezkoa deritzogu, Sortu berriaren eraikuntza honetan parte hartzeko borondatea adierazten dugun ezker abertzaleko kide guztion ekarpen, eztabaida eta erabakimenari irekia izango den kongresu-prozesua eskaintzea».
Hernanin ere taldea osatu duela jakinarazi du, eta bulegoa irekiko dela, informazioa eman eta bertan akreditatzeko aukera emateko.
EGUTEGIA
- Azaroaren 3ra arte: beste ponentzia eta Zuzendaritza Ekipoak proposatu.
- Azaroaren 5ean: beste ponentziarik balego, publiko egin.
- Azaroaren 19an: barne hauteskundeen ekitaldi-eztabaida nagusia.
- Azaroaren 5etik 26ra: barne hauteskundeak.
- Azaroaren 26an: ekipoak eta ponentziak bozkatzeko azken eguna.
- Azaroaren 26tik abenduaren 10era: aukeratutako ponentziari emendakinak egiteko epea.
- Urtarrilaren 9tik 22ra: emendakinak eta zerrenda irekietako hautagaiak bozkatzeko epea.
- Urtarrilaren 21ean: Kongresua.
*Akreditazioak: ezker abertzaleko kide guztiei irekitako prozesua da, baina parte hartzeko akreditatu egin behar da:
https://partehartu.sortu.eus/register