Datorren astea izango du nagusia, denetan beteena, Ereñotzuko Udazken Kulturalak. Lau zita prestatu dituzte, mota guztietakoak gainera. Eta modurik onenean borobilduko dute, Auzoko Festa ospatuz.
Astean zehar izango dira horietako bi; biak ere, Auzo Udaleko areto nagusian. Batetik, ikastaroa emango du Martxeli Canflancak, astelehenean eta asteartean, ukendua egiten ikasteko. 17:00etatik 19:00etara izango da, eta izena eman behar da aurrez, Auzo Udalean.
Eta bestetik, hitzaldia eskainiko du Garbiñe Larrea naturopatak, elikadura eta emozioei buruz, ostegunean (asteartean zen ematekoa, baina eguna aldatu dute). 19:00etan izango da.
Albaolara joateko, txartelak Auzo Udalean
Hurrengo zita, asteko hirugarrena, larunbatean izango da. Albaola itsas faktoriara joango dira, Pasai San Pedrora, egunpasa. Bertan, museoa bisitatuko dute aurrena, itsasontziz bidaia egingo dute badian gero, eta azkenik, bazkaldu ere egingo dute bertan.
Joan nahi duenak, dagoeneko salgai dauzka txartelak, Auzo Udalean.
Auzoko Festa frontoian, datorren igandean
Eta aste potenteenari bukaera ederra emateko, Auzoko Festa ospatuko dute igandean. Ereñotzuko frontoian izango da, arratsaldeko 17:00etan hasita. Azoka jarriko dute bertan, eta sagardoak dastatu eta gaztain erreak jateko aukera izango da.
Eta nola ez, patata tortilla lehiaketa ere egingo dute, auzotarren artean!
URRIAK 17 eta 18
17:00-19:00, Botika berdea - Ukendua egiteko ikastaroa, Martxeli Canflancaren eskutik. Izenematea, Auzo Udalean.
URRIAK 20
19:00, Elikadura eta emozioak
hitzaldia, Garbiñe Larrea naturopataren eskutik.
URRIAK 22
Albaolara egunpasa: museoa bisitatu, itsasontziz badian bidaia eta bazkaria. Txartelak, Auzo Udalean salgai: helduek 20 euro; gazteek (14-17 urte) 15 euro; eta umeek 10 euro. Goizeko 09:30etan abiatuko dira Ereñotzutik, eta ondoren, trenez edo kotxez joango dira Trintxerpera.
URRIAK 23
17:00, Auzoko Festa, frontoian: bertako sagardoak dastatu eta gaztain erreak jateko aukera;
produktuen azoka; eta patata tortilla lehiaketa.