San Markorekin hitzarmena sinatuko du Udalak, plenoan hala onartuta

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 8a, 02:00

Beste pauso bat eman zuen Astigarragako Udalak, aurreko larunbatean, hondakinen bilketa sistema berria ezartzeko; edukiontzien sistema, alegia.
Izan ere, plenoak onartu egin zuen San Marko Man­ko­mu­nitatearekin lankidetza hi­tzar­mena sinatzea, hondakinen bilketaren inguruan. Alde bozkatu zuten EAJko bost zinegotziek (bat falta zen plenoan) eta PSE-EEkoak, eta kontra EH Bilduko zinegotziek.

EH Bilduren bi mozio aztertzeko eskaera, baztertuta
Plenoko gai ordenari heldu au­rretik, Andoni Gartzia EH Bil­duko bozeramaileak hartu zu­en hitza, eskatzeko plenoan beste bi puntu lantzea: «bi mozio dauzkagu aurkeztuta, eta bigarren saiakera egingo dugu plenora ekartzeko. Ez zaigu normala iruditzen, azarora arte itxaron behar izatea». 
Eskaera ez zen onartu, EAJ eta PSE-EEren kontrako botoekin, eta EH Bilduren aldekoekin; eta bi mozioak ez ziren gai ordenean txertatu.

Aldaketa bat, hitzarmena sinatzea onartu aurretik
Gai ordeneko puntuei ekin zieten segidan, eta aurreko plenoko akta onartu ondoren, hondakinen bilketarako hitzarmenari heldu zioten. Bozkatu zuten, Astigarragako Udalaren eta San Marko Manko­mu­ni­ta­tearen arteko lankidetza hi­tzarmena onartzea, alkateari hitzarmen hori sinatzeko baimena ematea, eta Garbita­nia­ren alde egindako kudeaketa gomendioa berreskuratzea.
Puntu horretan, testuak honela zioen: Zerbitzu berria kontratatzerakoan, gaur egun Garbitania SL enpresarentzat Astigarragako zerbitzua egiten duten langileen subrogazioa eskubidea bermatuko da, araudi juridikoek diotenarekin bat. Horretarako, Astigarragako Uda­lak horren inguruko informazio zehatza emango dio San Mar­ko Mankomunitateari.
Udal idazkariak eskatu zu­en, (...)langileen balizko sub­ro­gazio eskubidea(...) jartzea, eta plenoak eztabaidatu ondoren, erabaki zuen balizko eta legezko hitzak txertatzea puntu ho­rre­tan. Aldaketa horiekin onar­tu zen hitzarmena.

Udalak eta San Markoren arteko hitzarmena onartu zuen plenoak, eta alkateari hori sinatzeko baimena ematea, Udal idazkariak proposatu zuen aldaketa bat txertatuta.

«Onartuko dugu herriaren erabakia, baina hau ez da aldaketa egiteko modua»
EH Bilduk kontra bozkatu zuen, eta Gartziak azaldu zuen zergatia: «onartuko dugu bilketa sistema aldatzea, herriaren erabakia delako. Baina hau ez zaigu iruditzen aldaketa egiteko modua». Kritikatu zuen, «zerbitzua pribatizatu» egingo dela, eta hainbat hutsune ikusten dizkiotela hitzarmenari: «pardelak eta errefuxa batera botako dira, eta hori ezingo da kontrolatu. Gainera, hasierakoaren kostu laukoitza jaso­tzen du hitzarmenak orain. Eta bestalde, dio hilero errebisatuko direla edukiontziak, eta ez astero, hasiera batean bezala. Beraz, edukiontzi bat gaizki ba­dago, horrela pasako du hilabetea, errebisatu arte». 
Azke­nik, mahai gainean jarri zitu­en Jesus Mari Santos alkateak prentsan egindako adierazpenak: «esan duzu prozesua oztopatzen ari garela, baina zuek zarete oztopo bakarrak, ez zaretelako antolatzen. Hasieratik esan genizuen uz­tai­lerako ezinezkoa zela egotea. Ze oztopo jarri ditu EH Bilduk?».
Alkateak leporatu zion, bozketa guztietan kontra bozkatu izana, eta Gartziak erantzun zion ez dela egia: «gezurretan ari zarete guri erasotuz, esanez gu­regatik ez dela jarri oraindik».

«Astigarragak ikaragarri irabaziko du aldaketarekin»
Zorione Etxezarraga alkateordeak, bere aldetik, nabarmendu zuen hasierako gastua berres­kuratu egingo dela gero: «askoz ere merkeagoa da edukiontzien sistema, baina ekono­mikoa ez da indargune ba­ka­rra. Lortu nahi dugu, ahalik eta birziklapen tasa haundiena».
Horregatik, adierazi zuen aldaketak mesede egingo diola herriari: «Astigarragak ikaragarri irabaziko du aldaketarekin. Eta bereziki zainduko dugu errefuxaren kopurua ahalik eta txikiena izatea, eta birziklapen tasa haundiena».

Ohiko plenoak hilero egiteko eskaera, EH Bilduk
Plenoko hirugarren puntuan, aho batez onartu zuten Txalaka-Oialumeko lehenengo partzelako xehetasun azterlana. Eta ondoren, galderen puntuari heldu zioten.
Andoni Gartziak hartu zuen hitza, hainbat kontu aipatzeko. Aurrena, eskatu zuen plenoen maiztasuna aldatzea, eta hilero egitea aurrerantzean: «orain bi aste egin genuen aurreko plenoa, eta legegintzaldi honetan, ezohiko pleno gehiago egin ditugu, ohikoak baino. Berriro eskatzen dugu, ohiko plenoak hilero izatea. Hasieratik esan genuen, bi hilabetean behin egitea gutxi zela».
Gartziak berak, kritikatu zuen Mugikortasun Astean ekintzarik ez antolatu izana: «esan zenuten egingo zela, baina azkenean ezer ere ez».
Etxezarragak erantzun zion, Herri Eskolarekin hitz egin zutela, elkarlanean ekintza bat antolatzeko asmotan zebiltzalako; baina azkenean atzeratu egin zuten, denbora faltagatik (asteazken honetan egin ziren, kirol egokituaren sentsibilizazio jardunaldiak). Nerea Zusbe­rro zinegotziak gaineratu zuen, behin ekintza hori atzeratuta, hobe zela beste data batean ondo egitea.
Eta aurrekontu partehar­tzaileei ere egin zien erreferentzia Gartziak, adieraziz ez zutela ulertzen «zergatik ez zen sartu Sagardo Plaza birmolda­tzeko proposamenaren papera aukeren artean, bost aldiz proposatu bazen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!