«Lizeaga auzoarentzat etorkizun erreal eta bideragarria planteatzea da Lizeaga 3.0 parte-hartze prozesuaren helburua; bere historia, izaera eta nortasunarekin bat etorriko dena», azaldu du RB3 enpresak.
Gibelalde auzo elkartea jarri zen hauekin harremanetan, auzoa hobetzeko zer egin zitekeen aztertu nahian, eta Udalarekin adostu zuten gero, prozesua aurrera eramatea. Dagoeneko, martxan dago, eta auzotarrek dute hitza, orain.
Urritik abendura bitartean hainbat tailer egingo dira auzotarrekin, diagnostikoa osatu eta ekintza zehatzak proposatzeko.
Auzoa hobetzea, auzotarren esku
Ekainetik irailera bitartean, RB3 arkitekto eta hirigile taldeak egin du Lizeaga 3.0 deitu zaion parte-hartze prozesuaren aurre fasea: auzoa ezagutu eta diagnostiko bat osatzea. Txosten bat osatu dute datu horiekin, eta azaldutakoaren arabera, auzotarren txanda da orain: «honekin nahi duguna da, gogoeta kritikoa sortu, arazoak diagnostikatu, eta epe ertain eta luzerako ekintza eta estrategiak identifikatu eta ekintzak proposatu, beharren lehentasunen arabera».
Horretarako hain zuzen, bigarren fasea jarriko da martxan, datorren astean bertan, eta abendura arte luzatuko da.
Tailerrak, auzotarrekin
Bigarren fase horretan tailerrak egingo dira auzotarrekin, eta aurrenekoa datorren asteazkenean, hilak 19 egingo da, 19:00etatik 21:00etara. Diagnostiko tailerra egingo da.
Hurrengo zita, azaroaren 2an jarri dute: agertoki tailerra egingo da. Jarraian, azaroaren 24an bilduko dira berriro, estrategai tailerrean, eta abenduaren 14an, ideia tailerra egingo da. Azkenik, diseinu tailerra egingo da, baina oraindik ez dute data zehaztu, horretarako.
Azkenekoa, ekintza fasea
Hau guztia, noski, helburu jakin batekin egingo da: auzoa hobetzea, auzotarrek dituzten beharren arabera.
Horregatik, zehaztu eta adosten diren ekintzak urtarrilean jarriko dira martxan, eta behar den denboran zehar luzatuko dira.
Prozesua auzotarrei aur-keztu zitzaien lehengo astean, eta Luis Intxauspe alkateak azaldu zuen 2011 urteaz geroztik badela Lizeagarako proiektu bat, 4 milioi eurokoa; «Udalak bere gain hartzea zaila». Horregatik, prozesu honetan helburu egingarriak zehaztu nahi dira.
Lizeaga 3.0 aurre faseko txostena
Hobekuntza txikiak egin arren, ahaztutako auzoa
Parte-hartze prozesuaren aurreneko fasean diagnostikoa egin dute. Ikusteko: Gibelalden (www.gibelalde.com) eta ‘www.kronika.eus’.
Parte-hartze prozesuaren aurreneko fasean Lizeaga auzoa ezagutu eta diagnostiko bat egin da, ekainetik iralera bitartean. Horretarako, hainbat dokumentu aztertu, administrazioarekin eta gizarte eragileekin elkarrizketak izan eta auzoa eta inguruak bisitatu dituzte.
Lehengo astean eman zitzaien honen berri auzotarrei, eta orain, Gibelalde auzo elkartearen lokalean (Larramendi 11) eta www.kronika.eus webgunean ikusi daiteke.
Industrializazio garaiko auzo berria
Diagnostikoan bildu dutenaren arabera, Lizeaga auzoa 60eko hamarkadan jaiotako langile auzoa da. Garai hartan industria jarduerak eragin haundia izan zuen hirigintzan eta demografian, eta Lizeaga auzoa herrigunetik aparte sortu zen, Euskal Herritik eta estatuko hainbat probintziatatik etorritako langileak hartzeko.
Ondorioz, espazio publiko gutxi duen auzoa eraiki zen, langileentzako sortua zelako, eta ez zelako aisialdian pentsatzen. Era berean, auzotarrek sortutako auzoa izanik, bertakoa izatearen sentimendu haundia daukate.
80eko hamarkadatik, beherakada
Hainbat gabezia diagnostikatu dira dagoeneko. Adibidez, administrazioak ahaztuta izan duen auzoa dela. Gainera, 80eko hamarkadatik beherakada izan da auzoan, komertzioak itxi eta biztanleria zahartu delako.
Positiboak izan dira irisgarritasuna hobetzeko Koxkarekin emandako pausoak ikastola haunditzea, herri sarrera eta Sandiusterri kaleko obra... Baina beharrezkoa den eraldaketa sakona, prozesu honek ekartzea espero da.