Indar proba hastear da... eutsi euskerari!

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 15a, 02:00

 

Eguerdiko 13:00etan jarri dute zita gaur, Plaza Berrin, Euskara ari du egitasmoko ekimen na­gu­siari bidea egiteko: indar probari, alegia. Bertatik, kale bueltan abiatuko dira, Kaxko­an zehar, musika eskolako musikariek lagunduta. 
Lau txokotan joko dituzte piezak, eta lau txokotan irakurriko dituzte testuak, antola­tzaile eta partehartzaileek: Gu­ria tabernaren aurrean, Tilo­se­tan, Andrekale eta Karkaba ka­leen arteko txokoan, eta Kixkal eta Garin ta­bernen arteko izkinan. 14:00etan bukatuko dute, Plaza Berrin bertan.

300 herritar baino gehiagok, euskerari eusteko apustua
Indar probarekin, herritarrek konpromisoa hartu dute, azaroaren 26ra arte, gutxienez astebetez euskera hutsez egiteko. Dagoeneko, 300 herritarrek baino gehiagok hartu dute konpromiso hori, izan elkarte, norbanako, ordezkari politiko, koadrila...
Eta konpromisoak hartzeko aukera zabalik dago, gainera, ekimena martxan den bitartean. Astea aukeratu eta izena eman: AEKn (943 55 78 01), eskoletan, Institutuan, Karmelo Labakan, dobera@do­bera.eus, euskaraari­du@gmail.com, edo euskara­ari­du­her­nanin@gmail.com 

 

Iratxe Esnaola Euskera irakaslea

«Euskeraz aritzea da kontua, norbera bere baliabideekin» 

Euskera irakaslea da Iratxe Esnaola AEKn, eta uste du, guztiontzat dela mesedegarri, euskerari eusteko saiakera egitea.

 

Zerk bultzatu zintuen euskera irakasten hastera?
Euskera ezagutu nahi duenaren ilusioak, ilusioa piztu izan dit beti. Ilusio hori buztina balitz bezala eskuetan hartu, eta orea moldatzen erakustea da irakaslearen eginbeharra. Gure txikitasunean, indartuta ateratzen gara euskera emanez eta ilusioa jasoz.

Euskaldunzaharrek ba al daukate nahikoa pazientzia euskaldunberriekin?
Nire ustez pazientzia soberan izan ohi dugu, eta are gehiago, erderarekiko mendekotasuna ere erakutsi ohi dugu, gurea alde batera utziz eta bestearen erderara joz. Hizkuntza irakasten gabiltzanok, esango nuke, euskera mailak ulertzeko modu malgua dugu, eta hala behar du. Ez dago euskera on edo txarrik. Aritzea da kontua, norbera norbere ba­lia­bideekin.

Askotan euskeraz guztiz ondo moldatzen ez dena etengabe zuzentzeko joera izaten da. Lagungarria al da hori? Edo gehiago dauka kaltegarritik?
Didaktikaren ikuspuntutik eta ikasgelako testuinguru itxian baliteke irakasleak hainbat zuzentze metodo baliatzea, ikasle bakoitzak behar dituen beharrei egokituz. Askotan, ikasleak berak eskatu egingo du. Bizitzako gainerako eremuez ari garenean, aldiz, nik ez nuke esango etengabe inor zuzentzen ibiltzen garenik, gehienok. Zorrotz aritu gabe, aurrean dugunarekin enpatia landuz, unean-unean  zuzendu baino lagundu egin dezakegu. Dugun zerbait eman, alegia.

Zenbateraino da lagungarria, euskeraz dakienak euskeraz egitea euskaldunberriari?
Oso lagungarria da. Eman de­zakegun haundiena da.

Indar proba hau ikasleei gomendatu al diezu? Lagungarria izan al daiteke beraiek saiakera hori egitea?
Irakasleok aurkeztu diegu egitasmoa, bai. Gehienek bera­ien inguruan eragiteko as­moa dute. Batzuek ingurune euskalduna dute; besteek ez, baina, betiere, ingurukoekin adostu egingo dute egoera. Beraiek euskeraz hitz egingo dute astebetez eta mintzakideak nahi bezala arituko dira, erabakia errespetatuz. Ahal den neurrian, astebetetik ha­ra­go, jarraipena egin nahiko lukete. Hori oso adierazgarria da, beraien motibazioaren erakusle delako. 

Eta euskaldunzaharrentzat ere, euskaldunberriaren aurrean euskerari eustea, lagungarria izango al da?
Euskaldunzaharrentzat oso ba­­liagarria izango da. Zergatik? Euskera hutsez komunika gintezkeen errealitate baten simulakroa izango delako.

Zergatik animatu zara  parte hartzera?
Lutxo Egiaren ekintzak barrenak irauli zizkigun askori. Gero Egia eta Añorgako egitasmoak etorri ziren. Lasar­tekoa abian da eta Agurainen ere badute asmoa. Hernani olatu haundi honen partaide izatea ederra izango da. 

 

Pello Zubiria Euskaldunzaharra

«Nik apustu bezala hartu dut indar proba» 

Aukera polita ikusten du Pello Zubiriak, indar probarekin, euskera hutsez bizitzen saiatzeko: «ni ere euskaldun akonplejatu bat naiz, zailtasun txikienaren aurrean, gaztelaniara pasatzen naizena».

Zaila da euskaldun batentzat, euskera hutsez bizitzea?
Proba egin nahi dut zenbateraino zaila edo erraza den. Beste asko bezala, ni ere euskaldun akonplejatu bat naiz, zailtasun txikienaren aurrean, gaztelaniara pasa­tzen naizena. Baina Hernanin askok hitz egiten dute euskeraz, eta beste asko kapaz dira ulertzeko, nahiz eta gaztelaniaz egin. Horiekin harremana normaldu nahi dut.

Zein egoeratan izaten da ezinezkoa, euskerari eustea?
Berez, edozein egoeratan posible genuke. Madrilgo pertsona bat gaztelaniaz normal bizi da, eta ez zaio burutik pasatzen hizkuntza aldatzea. Ogia erosteko ogia eskatuko du, eta saltzailea alemana baldin bada, nola edo hala konponduko da… alemanez hitz egin ga­be. Eus­kaldunok zergatik ez? Nik ere probatu nahi nuke zer sen­titzen den Her­nanin edo Lasarten herritar nor­mal bat izanda, euskalduna alegia.

Nola lortu dezakegu, euskera hutsez bizitzeko aukera izatea?
Nik nire burua ikusten dut alkoholiko bat alkoholarekin edo yonki bat heroinarekin bezala: intoxikatua, menpekoa… gaztelaniarekin. Hori txarra da euskaldunontzako. Txarra da euskera ikasi nahi du­te­nentzako ere, ez daukatelako gurekin entrenatzeko aukerarik. Nola lortu? Euskeraz denekin normal hitz egiten saiatuz; zuk eran­tzun ezazu nahi edo ahal duzun bezala, ni euskeraz saiatuko naiz. 

Eta nola lagundu dezake indar proba honek, horretan?
Oso kanpaina polita da. Asko ari gara ikasten denok. Euskaldun­zaharrok aukera daukagu beti gaztelaniaz hitz egin diegun ba­tzuekin euskeraz hasteko. Eus­ke­ra erdipurdi hitz egiten dutenen­tzako ere interesgarria da, hizkuntza hobetuko dutelako. Hitz egin ez baina zerbait ulertzen du­tenen­tzako ere bai, asko ikasiko dutelako euskera entzunda.

Zu ere parte hartzera animatu zara. Zergatik?
Gaztelaniaz hitz egiten dudan ba­koitzean, nire burua ukatzen dut eta besteei ere ukatzen diet euskaraz bizitzeko aukera. Esate baterako, etorkin berriek, Erru­ma­niatik, Senegaldik, Marokotik iritsi direnek… ez dute euskeraz ikasiko nik gaztelaniaz egiten baldin badiet. Horregatik, nik apustu bat bezala hartu dut: baietz gu­txienez astebete pasatu euskera hutsez, gaztelaniaren beharrik gabe. 

 

Joanmari Larrarte Antolatzailea

«Ea konturatzen garen, euskeraz bizi gaitezkeela»

Egitasmoko antolatzaileetako bat da Joanmari Larrarte, eta uste du, funtsezkoa dela ikusaraztea euskera beharrezko dela.

Euskaldunberri edo euskaldunzahar izan, zaila da euskera hutsez bizitzea.  Zergatik gertatzen da hori?
Hori geratzen da egoera diglosikoa bizi duen herri batean bizi garelako. Hau da, bi hizkuntza dituen herrian bizi gara (berez askoz ere hizkun­tza gehiago hitz egiten dira gaur egun gure herrian); bai­na horietako bat, espainiera, bestearen gainetik dago, de­nek ezagutzen dutelako eta egoera guztietan erabil daitekeelako; bestea, euskera, ba­tzuek ba­ka­rrik dakite eta ezin da eremu guztietan erabili. Hori da egoera diglosikoa, hizkuntza bat bestearen gainetik eta nagusi izatea bestea bigarren mailara baztertuz.

Eta nola eman daitezke pausoak, bide horretan?
Euskeraren normalizazioa lor­­tzeko bidea egin behar dugu. Alegia, euskeraz bizi den gi­zartea eratu, nahiz eta bertan hizkuntza askotan aritzen den jendea bizi. Gaur egun normala da hizkuntza askotan bizi den jendea izatea gizarte batean, denon arteko bizitza edo harreman hizkuntza zein den da gakoa, eta hori euskera izatea lortu behar dugu, horri esaten digu euskera normalizatzea. 
Ho­rre­tara bideratutako hiz­kun­tza politikak behar ditugu, baina hori ez dugun bitartean, euskaldunok zeregin haundia dugu, gure esku dago ikusaraztea euskera beharrezkoa dela, euskera zenbat eta gehiago erabili, orduan eta nabarmenago izango da euskeraz bizi den gizarte bat dagoela, eta bertan bizitzeko, euskera ikasi eta euskeraz egin behar dela.

Pauso horietako bat da indar proba. Zein helbururekin antolatu duzue?
Indar probaren helburua bi­koi­tza dela esango nuke. Le­hena, soziala, etengabe euskeraz ari den jendea kalean badabil, euskera ikusgarri egingo da, ikusi egingo da hernaniar asko euskeraz bizi direla edo gutxienez bizitzeko gai direla; horrek balio du euskaldunak konturatzeko zenbat garen, eta erdaldunak ere ikus dezaten euskera errealitatea dela. 
Bigarrena, per­tsonala: eus­kaldun bat gauza bada astebetez bere inguruan euskeraz bizitzeko, ikusiko du gerora ere egin dezakeela; erdaldun bat gauza bada in­gu­ruko euskaldunak ulertzeko, konturatuko da ez duela zertan eskatu ingurukoek erderaz egin dezaten. Ondo­rioz, ea konturatzen hasten garen, urrats txiki batzuk eginda, Hernanin euskeraz bizi gaitezkeela, nahi badugu.

Zer eskatuko diezue partehartzaileei?
Euskaldunari eskatuko zaio eusteko, euskeraz egiteko ahal duen guztian bai euskaldunekin, bai euskera ulertzeko gai denarekin (nahiz eta hark erderaz erantzun), eta euskeraz ez dakienarekin ere saia­tzeko. Euskera ulertzeko gai denari eskatuko zaio euskaldunari uzteko euskeraz egiten, eta berak ahal duen eran erantzuteko, berdin diola erderaz eginda, kontua dela euskaldunak euskeraz egitea, gainera hori bere ikaste prozesuan laguntza izango due­la. Eta euskera ez dakienari, pazientzia eskatuko diogu, eta esplikatzen saiatu zertan ari garen, konturatu dadila euskeraz bizi nahi duen jendea duela inguruan eta bere ahalegina ere egin beharko duela, gutxienez, ulertzeko adina ikasiz.

Eta sei aste horiek pasata, nola lortu saiakera hori egunerokoan txertatzea?
Hori zaila da, eta kontziente gara. Kontua da horrelako ekimenen bidez jendearen kontzientzia piztea, eta denak ez badira ere, norbaitek erabakia hartzea abendutik au­rrera ere bide berean jarrai­tzeko. Euskaldun batzuek in­gu­rukoekin euskeraz aritzeko hautua egiten badute, eta euskeraz ulertzeko gai den besteren  batek esango balu «hemendik aurrera niri euskeraz egin», ekimen zehatz hau positiboa izan dela esango genuke. Hortik aurrera, bide berean  jarraitu beharko dugu. Euskeraz gero eta gehia­go egitea da herritarrok egin dezakeguna, hori gure esku dago. Euskera beharrezko egi­ten ez dugun bitartean, zaila dugu herria euskalduntzen. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!