Sandra Gomez bezala ezagutzen zaituzte familiakoek, lagunek... Moda blog munduan berriz, Betibeauty da zure izena. Nolakoa da Sandra Gomez. Eta nolakoa Betibeauty?
Pertsona berdina naiz etxean eta Betibeauty naizenean; harreman pertsonalizatua ematen saiatzen naiz. Niretzako nahi dudana ematen diet bezeroei, jarraitzen didatenei... Konfiantza ematea oso garrantzitsua da.
Askotan azalduko zenuen honezkero baina... nondik dator Betibeauty izena?
Nire senarra Aritz Kabe da, Nocolor estudiokoa. Bera da Betibeautyren atzean dagoena, berak sortu zuen izena. Beti nire txakurraren izena da, eta betitik dator, de siempre. Txakurra beti dago nirekin. Bestalde, niretzako emakumea edertasuna da, eta izenean bi kontzeptu horiek egotea nahi genuen; beti ederra esan nahi du izenak. Euskerak presentzia izatea nahi genuen, gure hizkuntza hor agertzea. Aritzek esan zidanean esanahi polita zuela iruditu zitzaidan, izen fina.
Zure aurkezpenean diozu moda dela zure pasioa. Nondik datorkizu zaletasun hori?
Txikitatik. Betidanik gustatu zaizkit alfonbra gorriak, ezkongaiak... 6 urterekin ama makillatzen nuen. Ama ere jostuna izan da. Tandem bat osatzen dugu, eta hortik datorkit pasioa.
Bloga eta Instagram erabiltzen dituzu, batez ere, pasio hori plazaratzeko erraminta gisa. 8.000 jarraitzailetik gora dituzu sare sozialetan. Zer ematen diezu? Eta zer ematen dizute zuri?
Nahi duenak du ni jarraitzeko aukera, hori azpimarratu nahiko nuke. Nire lookak, arropa nola konbinatzen dudan ikusi dezakete bertan, besteak beste. Lehen esan bezala, arrakasta naturala izatetik dator. Ikusten duzuna da ni naizena. Niri Betibeautyk dena eman dit. Dudan ilusio guztia proiektu honetan jarria dut, pasio haundia sentitzen dut.
Bizitza pribatuaren inguruan hitz egitea ere ‘modan’ dago.
Bai, livestyle deitzen diogu horri, nik eguneroko bizitzaren pasarte batzuk kontatzen ditut sare sozialetan, blogean... Jarraitzaileei gustatu egiten zaie zer egiten duzun jakitea, bizitza pribatua ez da existitzen. Batzuentzat hau bitxia izan daiteke, baina nik oso esperientzia ona izan dut beti. Bezeroek eta jarraitzaileek duten jarrera pasada bat da... deitu egiten didate, zoriondu... orain arteko esperientzia primerakoa ari da izaten.
GDM2016 blogari txapelketa irabazi zenuen udaberrian. Zer suposatu du horrek zuretzat?
Lan gehiago. Errekonozimendu bat izan zen. Klasifikatu egin nahi nuen, eta Aritz senarrak ikaragarri lagundu zidan, bera gabe ez nuen lortuko. Dendara joan ginen, argazki polittak atera genituen, detaile guztiak zaindu genituen eta irabaztearekin errekonozimendu hori jaso genuen.
Asteburu honetan GDM Street Style txapelketan hartuko dut parte; 11 neskak eman dugu izena. Aurrez esan diguten hiru dendetako arroparekin hiru look egin behar izan ditugu, jantzi eta Tabakaleran defendatu; atzo izan zen hori eta gaur jakingo da irabazlea. Dedikazio haundia jarri diot; eta ea postu on bat lortzen dudan.
Pausu bat gehiago eman, eta diseinatzen hasia zarela ere kontatu duzu sare sozialetan.
Hasi egin naiz. Ni ez naiz disenatzailea, ez ditut horretara bideratutako ikasketak, momentuz. Orain Asun Dominguezen akademian kurtso luze bat egingo dut Personal Shopper edo irudi aholkularitza ikasteko. Niretzako oso inportantea da ni formatuta egotea bezeroei laguntzeko, morfologia, koloreak... Niretzat ez da gauza bera nire bezeroak pozik ateratzea edo zoriontsu joatea. Momentuz niretzako diseinatu dut, ametsak irudikatu nahi ditut. Eta sare sozialetan izan duten arrakasta eta gero, datorren urterako zeremonia kolekzio bat egitera animatu naiz. Txikia izango da, detaile askorekin.
Donostian bereziki moda industria indarra hartzen ari da...
Nire ustez lehengora itzultzen ari gara: Donostiako elegantzia... Modako industriak indar haundia zuen hemen... Donostia Sustapena eta Merkatarien Federazioa lan haundia egiten ari dira egun.