Datorren asteartean emango diozue bukaera Feminismoa eta Filosofia tailerrari. Zertan datza tailer hau?
Tailerraren helburuak dira aztertzea Mendebaldeko pentsamenduaren historiak nola eragin dion emakume eta gizonezkoen arteko desberdintasunei; pentsamenduen sistemaren bitartez nola sinestarazi zaion emakumeari gutxiago dela…. Eta bestalde, filosofia feministaren lana berrikusten du tailerrak, iruzurra agerian utzi eta bidegabekeri hau salatzeko.
Filosofia klasikoa feminismoaren ikuspegitik, ulertzeko zaila den kontzeptua dirudi. Zergatik ikuspuntu hau?
Ikastaro honetan egiten duguna da ikasi eta ulertu, filosofiatik abiatuta nola emakumezko egile batzuk (filosofoak) bultzatu duten, mesede egin dioten, feminismoari kontzeptuaren globaltasun osoan. Filosofiaren ikuspuntutik, edukiz bete dute kontzeptu hori. Antropologiak, soziologiak… sistema patriarkalari kritika egiten dioten bezala, filosofiak gauza bera egin du.
«Kezka nagusiak dira diskriminazioa eta emakumearekiko indarkeria»
Zer-nolako harrera izan du ikastaroak Astigarragan? Aurreneko bi saioetara gerturatu direnen artean, zeintzuk esango zenuke direla kezka gehien sorrarazten duten gaiak?
Harrera ona izan dela esango nuke, positiboa. Bestalde, beraien kezka nagusiak dira diskriminazioa eta emakumearekiko indarkeria. Matxismoaren arrazoiak ere ezagutu nahi dituzte.
Filosofia antzinako kontu bat bezala ikusten da, eta feminismoa, aldiz, gorantz dijoa. Nola lotu daitezke bi kontzeptuak, eta zergatik erabaki zenuten hala egitea?
Feminismoa teoria kritikoa da, menderatze sistema unibertsal-historiko bati egiten zaion kritika. Eta filosofia ere kritikoa da. Feminismoak filosofia erabiltzen du salaketa egiteko; eta sistematik ahal dena bota eta berriz ere eraikitzen saiatzeko ere bai.
«Antropologiak, soziologiak… sistema patriarkalari kritika egiten dioten bezala, filosofiak gauza bera egin du»
Equalatik diozue ikuspuntu berri bat abiatu duzuela: ikuspuntu honen zein aspektu nabarmenduko zenituzke? Praktikotasunik ba al du egunerokotasunean?
Ikuspuntu berri honek zabaldu nahi duena da pentsatzen ikastea, kontzientzia hartzea; ez bakarrik errealitatea datuen bitartez erakustea, baizik eta filosofiaren metodoak erabiltzea. Kontzientzia sortzean, autokontziente izatean, askeagoak gara. Hor egon daiteke praktikotasunaren gakoa.
Nola ikusten duzu gaur egun feminismoa? Berdintasuneratz pausuak eman direla esango zenuke? Ildo horretatik, zuen ikuspuntuak
lagundu dezake?
Lan feministak jarraitzen duela ikusten dut, eta uste dut baietz, eman direla pausuak berdintasunerantz. Baina, atzerapausuak ere ikusten ditut.
Filosofiaren ikuspuntua beste bat besterik ez da, beste ikuspuntu eta abiapuntu bat beste diziplinen artean, eta beste azterketak oinarritu hartuta.