Azkeneko Plenoak Udalaren eta San Marko Mankomunitatearen arteko hitzarmena onartu zuen, hondakin sistemaren aldaketarako. Hasiera batean, abstenitu egingo zen EH Bildu, baina, azkenean, ezezko botoa eman zuten Plenoan.
Aldaketaren zergatia eta «abstentziotik ezetzera pasatzeko arrazoiak» azaltzeko, prentsaurrekoa eman zuen EH Bilduk herenegun.
«Aldaketak nabarmenak izan dira»
Bertan azaldu zutenez, «azken Plenoan onartu zen hitzarmenak bere ibilbidea izan du Udalean, eta lehen zirriborrotik azkenekora, aldaketak nabarmenak izan dira». Horien artean, batzuk aipatu zituen EH Bilduk, «esanguratsuenak», beraien ustez.
Hasteko, azaldu zutenez, «aurreikusten zen pardelentzako edukiontzia desagertu egin da, eta gainerako errefusarekin jasoko dira pardelak eta pixoihalak, errefusaren kontrol eza areagotuz». Horrez gain, «eraikin berrietan -Urumea Berrin, kasu- hondakin gelak ez dira aprobetxatuko. Kalean kokatuko dira edukiontzi guztiak, auto aparkalekuak murriztuz eta kale-paisaia kaltetuz». Gainera, «landa-lurrean kokatuta dauden sagardotegi eta sortzaile haundiei nola jasoko zaien ez da zehaztu». Aipatu zuten baita ere, «Udal teknikariek merkatari eta ostalariei organikoa eta errefusa atez ate biltzea proposatu bazuten ere, azkenean ez da horrela izango».
Azkenik, «lehen zirriborroan kostua 20.000 eurokoa zen, eta onartutakoan, 80.000 eurokoa». Dena den, Udal Gobernuak dio aurreztu egingo dela, eta EH Bilduk onartzen du: «hala da». Baina dio «diru-aurrezte hori bi lanpostu suntsitzetik datorrela».
«Astigarragaren kalterako»
Aldaketa horiekin, «Udal teknikariei kasorik ez egin eta San Markoren irizpideak bere horretan onartzea, birziklatzearen eta Astigarragaren kalterako dela» uste dute EH Bilduko kideek.
Dena den onartu dute beraiek: «herritarren nahia errespetatuko dugu eta betearazteko lanean ari gara».
Hori horrela, diote: «hondakin bilketa sistemaren aldaketa babesten dugu, baina ez edozein modutara. Zerbitzuaren pribatizazioa da gure mugarik handienetakoa. Bilketa pribatizatzeko beharrik ez zegoen, baina EAJk, PPren antzera, zerbitzu publikoa pribatizatzearen aldeko apustu garbia egin du, onura ekonomikoak herritar guztiontzat izan beharrean, gutxi batzuen esku utziaz; FCC edo dena delakoa».
EH Bildu, oztopo
Era berean, EH Bilduk salatu du: «behin baino gehiagotan errepikatu dute EH Bildu oztopoak jartzen dabilela sistema aldatzeko». Baina beraiek diotenez, «Beraiek dira gai honetan ere, interes gutxi erakutsi dutenak eta inprobisazioan erabat murgilduta daudenak. Zeinek esan zuen uztailean edukiontziak izango zirela? Eurak bakarrik. Gainera, barregarria da EH Bilduri errua leporatzea, EAJ eta PSE-EEk gehiengo osoa dutenean eta beraz, nahi dutena nahi moduan egin dezaketenean».