2017ko bigarren seihilekoan hasi beharko dira Kultur Etxe berria eraikitzen, aurreko legealdian hala onartuta. Proiektu horri buruz eta herriko espazioen erabilerari buruz hitz egiteko, batzar irekia deitu du EH Bilduk astearterako. 19:00etan jarri dute zita, Herri Eskolako areto nagusian.
Uste dute, «horrelako azpiegitura estrategikoa guztion artean eztabaidara ireki behar dela». Eta horregatik, diote: «Udal Gobernuari eskaera hau luzatu diogu, baina uko egin dio lotsarik gabe, eta beraz, EH Bilduko kideok hartuko dugu lan honen ardura, onartezina delako horrelako proiektua herritarrekin konpartitu nahi ez izatea».
Hainbat lokal, Urumea Berrin
Kultur Etxe berria eraikitzeaz gain, Udalak Urumea Berrin beste lokal batzuk ere eskuratu dituela jakinarazi du EH Bilduk: «puzzlea ondo osatuz gero, horrekin guztiarekin herriko espazio arazo gehienei irtenbidea eman ahal izango zaie».
«Guztion artean proposamen bateratua osatzea da gure helburua»
Horren aurrean, EH Bilduk dio «lanketa horrek herritar guztiei irekia egon behar duela sinetsita, herritarrekin batera arazo horiei soluzioa emango dion proposamena osatu nahi dugu».
Gai honen inguruan, diote, «elkarte eta eragileekin bildu izan gara bakoitzak dituen beharrak ezagutzeko». Eta, orain, Kultur Etxearen proiektuaren aurreneko zirriborroa eskuetan, «elkarte eta eragileekin konpartitzeaz gain, herritar ororekin ere partekatu nahi dugu. Guztion artean proposamen bateratua osatzea da gure helburua». Izan ere, uste dute, «aukera polita dela etorkizuneko Astigarragan guztiok gure lekutxoa izateko».