Pelikula batekin hasi bazuten Udazken Kulturala atzo, Loreak filma ikusten, festan emango diote segida gaur, Ereñotzun.
Eta oraingoan, beste askotan bezala, haur eta gaztetxo ereñotzuarrak izango dira protagonista. Beraiei zuzendutakoa izango baita gaurko festa: Umeen Jaia.
‘Kondaira baten truke’ antzerkia, hasteko
Arratsaldean ospatuko dute jaia, Ereñotzuko frontoian, eta antzerkiaz gozatuko dute, festari ekiteko: Kondaira baten truke antzerki saioa eskainiko du Patata Tropikala taldeak, arratsaldeko 17:00etan hasita.
Beste festa bat da antzezlanaren erdigunea: Naturaren Festa. Urtero ospatzen dute iratxoek, marrubi tarta bat eginez, denen gozamenerako eta Natura bizirik dagoela ohartzeko. Eta tarta labean dagoen bitartean, Izar iratxoak, kondairaren pasarte bat irakurtzen du. Natura sortu zen egunean, Izaro eta Kixmi ere jaio ziren, eta Natura zaintzeko ardura hartu zuten. Horregatik dago hain eder, polit eta indartsu. Eta gaur egun, Izarrek eta Tximistak daukate ardura hori. Baina zer gertatuko litzateke tarta garaiz prest egongo ez balitz?
Kolorea, irudimena eta umorea nahastuz, hiru oinarri ditu antzezlanak: Naturaren legeak, elkarbanatzearen garrantzia eta errespetua.
Txokolatada eta disko jaia, antzerkiaren ondoren
Antzerkiaren ondoren segiko du festak: aurrena, txokolatadarekin egingo dute merienda; eta ondoren, dantza pasako dute arratsaldea, Mugi zaitez! disko jaiaren eskutik.
UMEEN JAIA, gaur
EREÑOTZUKO FRONTOIAN
17:00, Kondaira baten truke
antzerkia, Patata Tropikala
konpainiaren eskutik.
18:00, Txokolatada.
18:30, Mugi zaitez! disko jaia.