«Emakume Etxeak balioko du emakumea ahalduntzeko»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 15a, 02:00

Emakumeen Etxea definitzeko prozesua martxan jarri duzue. Nola sortu da honen beharra?
Behar horren hasiera Plaza Feministan kokatzen da. Ber­dintasun Kontseiluak Emaku­me Etxe baten beharra aldarrikatu izan du azken urteetan, eta  2013an pausu bat eman zen Plaza Feminista inauguratuz. Gaur egun talde askok erabil­tzen dute: Berdin­ta­sun Kon­tse­i­luak, Bilgune Feministak, Izan Gizonek, Pla­xeko zerbi­tzuak bertan ematen dira, Jabetze Es­ko­lako hainbat saio ere bai… dinamika asko duen espazioa da. Ikusi da beste haundiago baten beharra dagoela; kualitatiboki irudi­tzen zaigu Emakume Etxe bat izatea beste pausu ematea izango zela... eta hala atera zen gaia. Apirilean hasi ginen lantzen, talde eragile bat sortu zen prozesua definitu eta aurrera eramateko; hamabost lagun inguruk osatzen dugu. Bide honetan Aztikerrek egingo ditu dinamizatzaile lanak.  

Eta nork osatzen duzue talde eragile hori?
Esan bezala,  15 bat taldekide gara: Berdintasun teknikariak, Parekide, Islada, Liletak, Bil­gu­ne Feminista, Izan Gizon taldea, Berdintasun Kontseilua, Amhe­rreko Emakumeak eta Ha­rre­manitz; eta norbanakoak ere badaude taldean, tartean, Jabetze Eskoletan dabiltzanak.
Irailean egin zenuten aurreneko jardunaldia. Herritarrei informazioa eman eta 

Prozesu partehartzailea abiarazi zenuten. Nolakoa izan zen egun hura?
70 bat lagun elkartu ginen. Asmoa zen Emakume Etxea kokatzea, herritarrei informazioa zabaltzea. Mari Luz Esteban etorri zen, eta kokapen teorikoa egin zuen. Arrasate, Ermua eta Basauriko Emakume Etxeen esperien­tziak ere entzun genituen:  eta beste herritako esperientziak eduki genituen: beraien etxeak nolakoak diren azaldu ziguten. Hernanin mugimendu feministak azken urteetan izan duen ibilbidea ere aztertu genuen: indarkeria matxista, arlo instituzionala, emakume taldea, mugimendu feminista, egun ditugun espazioak. Helburua zen bertaratutakoek ikustea nola iritsi garen hona: hemen gaude bai, baina aurretik izan da mugimendu bat; atzera begiratzea zen helburua. Jardunaldia Virginia Imazen konklusioekin bukatu genuen. Ondoren balorazioa egin genuen, anitza izan zen, faktore asko kontuan hartuta, eta pozik gaude.

Aipatu berri duzuen bezala, Hernanik ibilbide luzea du berdintasunaren aldeko bo­rrokan, mugimendu feministan... Bide horretan, Emaku­meen Etxeak beste pausu bat ekarriko du beraz?
Emakumeen Etxeak pausu kua­litatibo bat ekarriko du. Mu­gimendu feministan helburu hau ez da zerotik sortu, ez da moda bat. Emakume Etxeak balioko du emakumea ahalduntzeko…. Beste zerbitzu ba­tzuk ere  etorriko dira etxearekin; eta orain artekoa replanteatzeko ere balioko du, zein zerbitzu ditugun aztertu, herriko gainerako eragileekin sortu nahi ditugun aliantzak zein­tzuk diren begiratu...

Eragile taldea arduratu zarete hasieratik  prozesua diseinatzeaz. Nolakoa izan dalan hori?
Uda aurretik eratu zen eragile taldea. Berdintasun Kontse­i­lu­an aurkeztu zen proiektua eta aurreneko izen proposamenak hor sortu ziren. Mar­txan hasi ginen, eta gerora joan da jende gehiago gerturatzen. Orain arte emandako pausuak izan dira: Aztikerrek egindako proposamena gainbegiratzea eta pro­zesua bera berrikustea. Horrekin batera komunikazio lanetarako aukera aztertu da, bitartekoak landu dira... Udara aurretik egindako lan haundienetako bat izan da Bidela­gun Sarea sortzea, hau da, Her­naniko eragileen mapa bat egitea: eragile ezberdinak, elkarteak… pertsona horiek identifikatzeko mapa osatu da. Udara eta gero, iraileko jardunaldiaren egitura proposamena landu genuen; talde eragilea izan da ideiak eman dituena… eta gero lantalde teknikoa izan da hori prestatu eta jarraipena egin diona. 

«Emakume Etxeak erreferentzialtasuna ekarriko du. Gure helburua da Hernani izatea genero berdintasunean urratsak emango dituen herria. Ez bakarrik instituzio aldetik; baita herritar eta eragileen eskutik ere».

Eta zein dira hemendik aurrera emango dituzuen pausuak?
Urriaren 17 eta 26an, Amestu dezagun nolako emakume etxea nahi dugun saio irekiak antolatu ditugu; bertan aztertuko du­gu besteak beste, Emakume Etxe­ak zein balio izatea nahi dugun. Hu­rren­go saioak es­pa­zioen ingurukoak izango dira: definitu beharko da zein espazio mota nahi dugun, zertarako, zein erabilera emango zaien... Eta hori adostuta, azken saioak izango dira Emakume Etxeak izan behar duen kudeaketaren ingurukoak. 

Definitze lan horretan bazaudete ere, zeintzuk dira gaur egun Emakume Etxearen helburu nagusiak?
Hernaniko gune erreferentea izan nahi du Emakume Etxe­ak, emakumeen ahalduntzea bi­deratuko duena, Hernani ber­dinago  baten alde lana egin­go due­na. Batetik berdintasunaren al­de politikoa egongo da bertan, saila... Eta bestetik, herriko erre­ferentziazko gu­ne feminista izango da. Gainera izango du berezitasun bat, Amher elkartearekin konpartituko baitu espazio hori. Gaztelaniaz Espacio para la igualdad izena jarri zaio, Amherrek ere eskatu baitzuen beste desoreka batzuk lan­tzeko gunea izatea Emaku­me­en Etxea; pertsona migratzaileak, etniak…

Noizko aurreikusten da etxea zabalik egotea?
Orain abiarazi dugun prozesuan zehaztuta utziko dugu guztia; 2017 hasierarako partehartze prozesu guztiak bukatuta izatea aurreikusi dugu. Udaberri hasieran bukaera festa bat egitea da asmoa, eta ondoren obra egin beharko da, eraikinak behar ugari baititu. 2018rako zabalik egotea espero dugu.

Gabriel Zelaian izango du egoitza. Herritarrei irekita egongo da?
Emakume taldeek eta talde feministak bere lekua izango dute bertan, eta herritar guztiei irekiak izango diren ekin­tzak ere egingo dira bertan. Pixkanaka joango gara defini­tzen... Talde eragileak ere jarri du helburu bat martxan den prozesurako: gaur egun Plaza Feminista erabiltzen duten taldeez haratago, zerbait irekiagoa izatea, herritar gehiagorengana iritsiko dena. 

Zer emango dio Hernaniri Emakumeen Etxeak?
Erreferentzialtasun bat. Gure helburua da Hernani izatea ge­nero berdintasunean urra­tsak emango dituen herria. Ez bakarrik Instituzio aldetik, baita ere horren alde lana egingo duten herritar eta eragileen eskutik. Tresna bat izango da, bide ho­rretan lagunduko duena. Si­nergiak bilatuko dira, eragile ez­berdinekin lana egiteko. Irai­lean egin zen jardunaldian, beste Ema­kume Etxeetako kideek ai­patzen zuten libre sentitzen zirela bertan, eta guk ere na­hiko genuke hori sentitu. Per­tsona asko bilduko dira bertan: gazteak, helduak...  Jende askoren ar­te­an ate­rako da aurrera, aniz­ta­­sun haundia dago eta hori za­lan­­tzarik gabe, aberasgarria izan­go da Emakume Etxearentzat.

«Amets egin dezagun: Nolako Emakumeen Etxea nahi dugu?»

Saio irekiak antolatu dituzte  astelehenean eta urriaren 26an, Biterin.

Emakumeen Etxea sortzeko pro­zesua martxan da apiriletik; orduan erein zuten hazia, eta fruitua, kalabaza, 2018an ematea aurreikusi dute. Kalabazak hazitik fruitura egiten duen bidearekin irudikatu nahi izan dute, prozesu honek izango duen ibilbidea. Pro­ze­suaren sorrerari erein izena jarri zioten, eta uda au­rretik diseinua, mapeoa, ko­mu­nikazioa eta bidelagun sarea zehaztu zituzten. Erein­dako hazi hori ernatu egin zen irailean: prozesua ireki eta egun osoko jardunaldiak antolatu zituzten. Ernatuta, hazi eta hazi ari da prozesua: datozen bi saio irekietan, astelehenean eta urriaren 26an, Emakume Etxearen helburuak eta ezaugarriak definitzeko bi saio antolatu dituzte: ametsen tailerra eta World Cafe; 18:00etan izango dira Biterin. Eta handik aurrera, kalabaza geroz eta gertuago izango du proiektuak. Lo­ratu egingo da: Emakume Etxe­aren espazioaren antolaketaz haus­nartuko da fase honetan, eta proposamenak lan­tzeko 3 saio antolatuko dituzte: arkitektura fasea, espazioen an­tolaketa eta obra eta auzolana. Lora­tu­takoa bildu ere egingo dute, Ema­kume Etxeak izango duen fun­tzio­namendua aztertuz: kudeaketa eredu ezberdinak aztertuko dira, eta zehaztapena eta itxiera landuko dira. Azkenik, prozesu guztien bukaera ospatzeko, festa antolatu dute, egindako lana balioan jartzeko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!