«Haserre gaude Baionarekin, errespetua eskatzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 15a, 02:00

Egunotan piztu den eztabaida argitzeko, eta «Baionari errespetua eskatzeko», asteartean bilduko dira Baionan, Hernani Errugbi Elkarteko ordezkariak, Juan Rodriguez lehendakaria eta Joxe Elosegi zuzendari teknikoa, Aviron Bayonnaiseko ordezkariekin.
«Ez dute errespetuz jokatu gurekin», azaldu dio Rodri­gue­zek Kronikari: «gure jokalari bat eraman zuten, 16 urtez azpikoa, eta ez genuen arazorik jarri. Baina gero, jakin dugu beste biren gurasoekin hitz egin dutela, gurekin harremanetan jarri gabe. Eta hirurak dira lehen lerrokoak; futbol talde bati hiru portero kentzea bezala da». 

«Gurasoek eta jokalariak nahi badute, guk ez dugu arazorik jarriko, baina...»
Presidenteak azaldu du, Euskal Federazioak abixatu ziola, Baionak Hernaniko bi jokalari nahi zituela: «pentsatu genu­en, ados, jar daitezela gurekin harremanetan. Baina horren ordez, zuzenean Espainiako Fe­derazioari idatzi zion Avironek, jokalari baten transferra edo fitxa aldaketa egiteko, eta email horren kopian jarri ziguten. Ez ziguten beste ezer esan. Baina aurrena, guk askatasun agiria eman behar genion».
Rodriguezek berak onartu duenez, «gurasoek eta jokalariak nahi badute, guk ez dugu arazorik jarriko, baina... Aurre­na hitz egin dezatela gurekin. Oso haserre gaude beraien formekin. Errespetua eskatzen dugu, bai taldeari, baita jokalariei ere. Izan ere, talde askotatik ari da Baiona jokalariak hartzen, eta gero jokatu gabe edukiko ditu asko».
Horregatik, askatasun agiria emango dio Hernanik jokalari horri, baina errespetua eskatuko dio Baionari: «gainera, akordio bat daukagu Hen­da­iarekin; beraiekin jokatzen dugu kadeteetan, eta gero, sub16ean hango taldean geratuko dira lau edo bost onenak. Akordio hori ere errespetatu dezala Baionak».

Santboianaren kontra bihar Landaren, Ohorezko Mailan
Ohorezko Mailako taldeak, bes­talde, Landaren jokatuko du asteburu honetan. Partidu zaila izango du, Santboianaren kontra, eguerdiko 12:00etan.
Gaur, gainera, urteko batzarra ospatuko du Errugbi Elkar­teak, goizeko 11:00etan; bertaratuen izenak hartzea, orduerdi lehenago izango da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!