Hernaniko Leorpe enpresan lan egiten zuen 42 urteko gizon hernaniarra hil zen herenegun, Mungiako Técnicas Hidráulicas enpresako fatxadan estruktura bat soldatzen ari zela, pieza pisutsu bat gainera erori zitzaiolako.
Arratsaldeko 16:30ak inguruan izan zen istripua, eta zergatiak ikertzen ari dira oraindik. CCOO eta LAB sindikatuek gertatutakoa salatu dute Kronikara bidalitako prentsa oharrean eta dei egin diete hernaniarrei gaur deitu den kontzentrazioan parte hartzera.
Kontzentrazioa gaur, Hernaniko Leorpe enpresan
Lan istripu honen ondorioz langile hernaniarrak bizia galdu duela eta, CCOO sindikatuak kontzentrazioa deitu du gaur, eguerdiko 12:00etan, Hernaniko Leorpe enpresaren aurrean, Ibarluze poligonoan.
LABek azaldu du lanean eta borrokan jarraituko dutela langileen osasuna eta eskubideen alde; horregatik, heriotza berri hau salatzeko deituko diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatu du sindikatuak.
CCOO:
«Prebentzioa eta prestakuntza», Gipuzkoako Batzar Nagusien aldarrikapena
Heriotza hau «salatzeko» erakunde-adierazpena onartu zuten atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, eta «elkartasuna helarazi» nahi izan zien, «langilearen senide, lankide eta lagunei».
Era berean, «laneko istripuak edozeren gainetik saihesteko beharra dagoela» adierazi zuten, eta horretarako, «prebentzioa eta prestakuntza» aldarrikatu zituzten.
LAB:
«46 dira aurten Euskal Herrian lanean hildakoak»
LABek elkartasuna eta samina adierazi nahi izan du lehenik eta behin. Gogoratu dute, aurten Euskal Herrian 46 direla lanean hildako langileak: «azpikontratako langile batek pairatutako istripu berri bat da: prekarietatea, prebentzio neurri falta, presioa... Patronalak duen ardura nabarmendu nahi dugu, eta baita erakusten duen isiltasuna. Behar bezalako ikerketa eta neurriak hartzea eskatzen diegu erakundeei, ikuskaritzari, Osalani eta lan delegaritzari».