Euskeraz ondo pasa nahi duzu? Euskerazko proiektu bat aurrera eramateko dirua behar duzu? Hain zuzen, galdera horiei erantzuteko sortu zuen Kutxa Ekoguneak Euskararen Ginkana 2011garren urtean.
Bost urte pasa dira ordutik, eta horrekin batera, beste edizio bat aurkeztu dute. Izenematea dagoeneko irekita dago, eta abenduaren 3ra arte izango dute aukera Euskal Herriko taldeek apuntatzeko. Horretarako www.euskararenginkana.eus webgunera jo beharko da.
Taldeka, proiektu baten alde
Parte hartu ahal izateko, taldea sortzea da aurreneko pausua. 4-6 kideko taldeak izan behar dira, 16 urtetik gorakoak denak: «edozein taldek balio du, era informalean sortutakoak ere bai. Saria jasotzeko euskerarekin lotura duen proiektu bat bakarrik behar dute, eta edozer gauza izan daiteke proiektu bat», azaldu du Itsaso Olaizola Ekoguneko egitasmoaren arduradunak.
Bi fase, urtarrilera arte
Behin taldea sortuta, eta izena eman ondoren, aurreneko faseari emango zaio hasiera abenduaren 3tik aurrera: online bidezko proben fasea, hain zuzen.
Urtarrilaren 19ra arte, sei aste izango dituzte talde parte-hartzaileek aurreneko fase hori betetzeko. Denbora tarte horretan, astero argitaratuko dute proba berri bat www.euskararenginkana.eus, webgunean eta proben emaitzak webgunean erantzun beharko dituzte taldeek. Talde parte hartzaileek, batak bestearen probak ikusi eta jarraitzeko aukera izango dute, baita sare sozialen bitartez elkarbanatzeko aukera ere.
Ekintza zehatzak eskatzen duten probak, galderak... izango dira aurreneko fase honetan, betiere, ludikotasuna eta ezagutza uztartuz. Pixkanaka joango dira probak azaltzen, baina aurrenekoa jada jakinarazi dute: «talde bakoitzak aurkezpen bideo bat prestatu beharko du eta bertan azalduko dute zein diren eta zer egingo duten saria irabaziz gero», dio Olaizolak.
Fase hau bukatzean puntuazio altuenak dituzten lau taldeak pasako dira bigarren fasera. Final haundia izango da hori, eta urtarrilaren 28an egingo da Ekogunean bertan.
Sariak, barra-barra
Euskeraren inguruko proiektu bat finantziatzeko 3.000 euroko saria jasoko du final haundian garaile denak, baina besteentzat ere, ez da oparirik faltako. Aurten, gainera, bosgarren edizioa dela ospatzeko, astero sari berezi bat zozketatuko da aste horretako proba erantzun duten taldeen artean.
Hizkuntza-ekologia, aurtengo gaia
Aurreko edizioetan bezalaxe, aurten ere gai zehatz baten bueltan egingo dute Euskararen Ginkanaren bosgarren edizio hau. Hizkuntza-ekologian oinarrituko dute aurtengo lehiaketa, eta Ekoguneko arduradunaren hitzetan, helburua izango da «hizkuntzetara ekologiaren begirada ekartzea eta hizkuntza aniztasunaren aldeko praktika ekologikoak sustatzea». Hala, «bioaniztasunarekin egiten dugun legez, munduko kultura eta hizkuntzak balioan jarriko ditugu eta euskaldunok munduko hizkuntza aniztasunari egin diezaiokegun ekarpen handiena euskaraz bizitzea eta euskara bestoi ematea dela barneratuko dugu». Izan ere, «hamabost egunero munduan hizkuntza bat hiltzen ari den garai honetan, hizkuntzen aldeko ekintzaileak behar ditugu, hizkuntza-ekologistak!».
Euskera sustatzea, helburu
Aukera hau baliatuko dute «euskera eremu informalekin, jolasekin, eta orokorrean, aisialdiarekin lotzeko», azaldu du Itsaso Olaizolak berak. Eta edukizko jolas eta galderak erabiliz, hizkuntzarekin lotutako hausnarketak bultzatu nahi ditu Kutxa Ekoguneak, Azkue Fundazioaren eta Euskaltzaleen Topagunearen laguntzarekin. Olaizolak dioenez, «euskera garaikoa, bertakoa eta ekologikoa» aldarrikatzeko aukera ematen du Kutxa Ekogunearen Euskararen Ginkanak.