Proposamenak aurkeztu eta Udalari zuzendutako eskaerak berretsi zituen Kaxko Elkarteko batzordeak, irailaren 29an egindako bileran.
Besteak beste, Atzieta kalean hainbat konponketa egitea proposatu dute, auzolanean. Era berean, gauetan, eta bereziki, txotx garaian Kaxkoan sortzen diren istiluen aurkako neurriak hartzeko eskatu diote Udalari.
Auzolana, Pana, Goiz Eguzki eta Tilosetan
Lehenik eta behin, hainbat proposamen egin dituzte Kaxkoko bizilagunek, «auzolanean egiteko modukoak».
Batetik, «Pana parkeko komunen inguruko bost gune lore eta landareekin apaintzea» eta «Pana parkean zuhaitz gehiago landatzea».
Bestetik, «Goiz Eguzkiko parkeko beheko aldea txukuntzea» eta «Goiz Eguzki ondoko lursaila garbitzea, sutea gertatzen bada ondorio larriak eragin dakizkiekelako Kaxkoari eta bertako bizilagunei».
Era berean, proposatu dute «Andre Kale 50 zenbakiaren atzealdean (Atzietasen) lur zati bat txukuntzea itxitura baten bidez, lurrak asfaltoa hartu ez dezan, eta lurra eusteko eta ingurua apaintzeko zuhaixkak jartzea». Baita «Tilosetako kiosko atzealdearen egoera hobetuko duen zerbait landatzea» ere.
Azkenik, hirigune historikoan, «ate nahiz paretetan dauden 150 pintadetatik gora garbitzeko» eskaria berretsi dute, «udal zerbitzuei askotan eskatu baitiegu».
«Auzo elkarteekin egindako bileretan egindako eskariak gogorarazi nahi ditugu»
Bestalde, Kaxko Elkarteak adierazi du «auzo elkarteekin egindako bileretan egindako eskariak gogorarazi» nahi dituela. Besteak beste, «hirigune historikoan kaltetuta dauden guneak berritzea» eta «kaxkoan egin ziren soinu neurketen emaitzen berri ematea».
Horren harira, elkarteak nabarmendu du «Kaxkoko bizilagunenganako diskriminazioa eta arreta falta» nabari dituztela, «kexak jarri direnean gauetako soinuengatik, ibilgailuekin gerturatzeko zailtasunengatik edota karga eta deskargarako Kaxkoan aparkatzeagatik bizilagunei jarritako isunengatik». Era berean, azaldu dute «urte osoan zehar, baina bereziki txotx garaian izaten diren zarata, zikinkeria, edota kalteen aurrean konponbidea bilatzeko Udalak egindako ekarpena eskasa» dela, eta eskatu dituzte «kontzientziazio kanpaina indartsuagoa» eta «disuasio neurriak».
Bestalde, nabarmendu dute Kaxkoa eta herriko gune asko zakur kakez beteta daudela.