Badator, bosgarrenez, Hernaniko Bakailu Astea; astelehenean hasiko da, eta aurten ere, iaz bezala, bi aste iraungo ditu, asteazkeneko aurkezpenean azaldu zutenaren arabera.
Donostiako Kursaalean, San Sebastian Gastronomika azokaren barruan aurkeztu zuten Hernaniko V. Bakailu Astea, Luis Intxauspe Hernaniko alkateak, Gurutze Amigorena turismo teknikariak, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak, Tomas de Diego Berriak Merkatari eta Ostalarien Elkarteko lehendakariak eta Giraldo Bakailuak enpresako ordezkariak.
«Gure herriko tradizioarekin lotura haundia dauka bakailuak»
Elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuten aurkezpenean, Hernaniko Bakailu Astearen arrakastaren oinarri. «Bakailua euskal gastronomiaren oinarrian klabea da», azaldu zuen Aizegak, eta Bakailu Astea «hori balorean jartzeko ekimena» dela azaldu zuen. Horregatik, Giraldo enpresaren lankidetza eskertu zuen: «Basque Culinary Centerreko kolaboratzailea da, eta ez da nolanahiko bakailua. Onena da». Giraldo enpresatik ere, azaldu zuten, «ahalik eta produktu artisau eta naturalena» egiten saiatzen direla.
Era berean, Luis Intxauspe alkateak nabarmendu zuen «bakailuak, gure herriko tradizioarekin, sagardotegiekin lotura haundia» daukala, eta Bakailu Asteak «gure herria promozionatzen» laguntzen duela. Azpimarratu zuen bost urtetan parte hartzea igo dela gainera, «elkarlanari esker». Horregatik, eskertu egin zuen BCC eta Berriak elkartearen lankidetza eta Giraldo eta Amstel babesleen presentzia. Era berean, «herritarrak parte hartzera animatu» nahi izan zituen.
Izenemateak, lehiaketa, tailer, bisita eta afarian
Hain zuzen, herritarrek parte hartzeko aukera zabala izango dute, hainbat ekintza antolatu baitira. Denetan zabalik dago izena emateko epea; gehientsuenetan, debalde, gainera.
Batetik, bisita gidatuak egingo dira Hernaniko hirigune historikoan zehar; gaztelaniaz urriaren 12an, eta euskeraz, 23an. Bestetik, Albaola Itsas Kultur Faktorian egiten ari diren San Joan baleontzia ezagutzeko aukera izango da aurten ere, urriaren 19an.
Era berean, bakailua prestatzen ikasteko bi tailer izango dira Basque Culinary Centerren, eta astelehenean bukatuko da izena emateko epea.
Bestalde, Iparragirre sagardotegian bakailua eta sagardoa uztartuko dituen afaria egingo da aurten ere; kasu honetan, 27 euroan.
Azkenik, ohi bezala tabernek prestatzen dituzten bakailu pintxoen epaimahaikide bihurtzeko aukera izango dute herritarrek, eta bakailua pil-pil eran prestatzeko lehiaketan ere hartu ahal izango dute parte.
Hernaniko artisten margoak, erakusleihoak girotzeko
Bestalde, Arteshopen eskutik, Sofia Alostegi eta Jon Zabaleta artista hernaniarrek herriko erakusleihoak apainduko dituzte, margoekin. Dena prest dago, bakailuaz gozatzeko.
V. BAKAILU ASTEA
Urriaren 10etik 21era: tabernen arteko pintxo lehiaketa.
Urriaren 10etik 23ra:
- Bakailua Errioguarda-Enea, Iturralde eta Saretxo jatetxeetako menuan edo kartan.
- Erakusleiho tematizatuak dendetan, Sofia Alostegi eta Jon Zabaleta artisten margoen eskutik (Arteshop).
Urriaren 12an: bisita gidatua Hernaniko hirigune historikoan barrena, 11:30etan, gaztelaniaz (erreserbatu beharrik gabe).
Urriaren 13 eta 14an: bakailu tailerrak Basque Culinary Centerren, 18:00-20:30 (izena eman behar da).
Urriaren 19an: bisita gidatua Albaola Itsas Kultura Faktoriara, euskeraz 16:30, eta Trintxerpetik Albaolara joan-etorria txalupan (izena eman behar da).
Urriaren 21ean:
- Kale animazioa. Rockalean, 19:00-21:00.
- Bakailu eta sagardo uztartze afaria, Iparragirre Sagardo Gunean, 21:00 (izena eman behar da).
Urriaren 23an:
- Bisita gidatua Hernaniko hirigune historikoan barrena, 11:00etan, euskeraz (izena eman behar da).
- Bakailu Festa Atsegindegin, 11:00-14:30: bakailua pil-pil eran lehiaketa, sari banaketa, pintxoak, sagardoa....
BISITA GIDATUAK
Albaola Itsas Kultur Faktoriara
- Urriaren 19an, 16:30etan Trintxerpeko kotxe aparkalekutik abiatuta.
- Izenematea, doan, 943 33 70 28 edo gurutze-a@hernani.eus.
- Gehienez, 15 lagunentzako tokia.
Hernaniko hirigune historikoa
- Urriaren 12an, 11:30etan gaztelaniaz, Biteritik abiatuta, doan (ez da erreserba egin behar).
- Urriaren 23an, 11:00etan euskeraz, Biteritik abiatuta, doan. Izena eman behar da: 943 33 70 28 edo gurutze-a@hernani.eus.
BAKAILU TAILERRAK - BASQUE CULINARY CENTER
- Urriaren 13an eta 14an (bi ikastaro), 18:00-20:30, doan.
- Izenematea doan, urriaren 10 arte: 943 33 70 28 edo gurutze-a@hernani.eus.
BAKAILU ETA SAGARDO UZTARTZE AFARIA
- Urriaren 21ean, 21:00etan, Iparragirre Sagardo Gunean. Prezioa: 27 euro.
- Erreserba Iparragirre Sagardotegian: 943 55 03 28/943 33 73 70.
- Juan Zuriarrain enologoak eta Juanjo Usarraga sukaldariak gidatua.
BAKAILU ETA SAGARDO UZTARTZE AFARIA
- Urriaren 21ean, 21:00etan, Iparragirre Sagardo Gunean. Prezioa: 27 euro.
- Erreserba Iparragirre Sagardotegian: 943 55 03 28/943 33 73 70.
- Juan Zuriarrain enologoak eta Juanjo Usarraga sukaldariak gidatua.
TABERNETAKO BAKAILU PINTXO LEHIAKETA
- Urriaren 10etik 21era bitartean, Hernaniko 22 tabernetan: Aralar, Atxiki (kiroldegikoa), Atxur, Deportivo, El Caserio, Goiz Argi, Gunea, Guria, Herriko Etxea (PSE-EEren egoitza berrian), Horbel, Joxe Mari, Karrero, Kitto, Kixkal, Oindi, Rioja, Rufino, Tamer, Tripontzi, Txilibita, Txoko kafe bar, Zumitza.
- Triptiko batean azalduko da, argazkiekin, taberna bakoitzean zein pintxo izango den aukeran, zein egun eta ordutegitan.
- Pintxoen prezioa: euro bat. Bezeroek 1etik 5erako puntuazioa eman beharko diote, kontuan hartuz: kalitatea, aurkezpena eta elaborazioa eta originaltasuna.
- Parte-hartzaileen artean zozketatuko da bi lagunentzako otordua Iturralde jatetxean.
BAKAILUA PIL-PIL ERAN LEHIAKETA
- Urriaren 23an, 11:00etatik 12:30etara, Atsegindegin. Parte-hartzaileei emango zaizkie bi kilo bakailu, mahaia, egurrezko ohola eta mantala. Gainontzeko osagaiak (kazuela, sua... parte-hartzaileek ekarri behar dituzte).
- Izenematea, binaka egin behar da, eta 25 bikotek izena ematean, edo urriaren 17an itxiko da: 943 33 70 28 (goizez) edo gurutze-a@hernani.eus.
- Hiru sari banatuko dira (txapelak eta 300 euro; 200 euro eta bakailua; eta 100 euro eta bakailua). Parte-hartzaileen artean bi lagunentzako afaria zozketatuko da.