«Gure osasuna eta diruaren kontura aberastuko direnek herritarron salaketak entzun beharko dituzte»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 11a, 02:00

Erraustegiaren aurkako pro­testak areagotu egingo di­re­la jakinarazi du Erraus­te­gi­aren aurkako Mugimenduak, eta parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. Aurreneko zita la­runbatean, urriaren 15ean jarri dute, 12:00etan, Foru Aldunditik Banco Santander-eko egoitzarako tartean, Zuen negozioa, gure minbizia lemapean.

«Diputazioak erraustegiarekin egoskortuta jarraitzen du»
Mugimenduak azaldutakoaren arabera, «erraustegiek osasunari egiten dioten kaltea zientifikoki demostratuta egon arren, eta Gipuzkoan inoiz egin den diru publikoaren xahuketarik haundienak herritarren artean sortu duen haserrea kontuan hartu gabe, Diputazioak erraustegiarekin egoskortuta jarraitzen du».
Horregatik, datozen egun eta asteetan hainbat mobilizazio deituko dituela jakinarazi du, larunbatekoarekin hasita; «gure osasuna eta diruaren kontura aberastuko diren bankari zein enpresariek ere herritarron salaketak entzun beharko dituzte».

«Ezkutukeria»
Era berean, Diputazioa «ezkutukeriaz» jokatzen ari dela salatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, «uda erdian bedeinkazioa» eman ziolako Zubietako erraustegiaren proiektuari. Gainera, «putrez betetzen hasi» zela ere salatu du, «Diputazioak iragarri zuenetik pribatizaziora joko zuela errauste planta eraikitzeko eta kudeatzeko, kontratua 35 urtetan 1.500-2.000 milioi eurokoa izango zela, eta benefizio enpresarial garbia %10,5ekoa izango zela». 

«Aurkakotasuna,  gero eta haundiagoa»
Azkenik, «aurkakotasuna gero eta haundiagoa» dela azpimarratu du, eta elkartasuna adierazi nahi izan die «birziklapenaren alde eta errausketaren kontra sortzen ari diren herri mugimenduei», kontuan hartuta «Diputazioak han eta hemen zabortegiak kokatu nahi» dituela. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!