«Herritarrak ikusle izaten dira, baina oraingoan sormen prozesuetan hartu ahal izan dute parte»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 11a, 02:00

Atzo aurkeztu zuten, Koro Etxe­berria kultura zinegotziak eta Agurtzane Aizpuru kultura tek­nikariak, arte-eszenikoen udaz­keneko pro­gra­mazioa. Urri­aren 1ean eman zitzaion ha­siera, umeentzako Oa-hue­tak antzezlanarekin, eta aben­duaren 28ra bitartean aukera zabala izango da:  hau­rren­tzako beste lau antzerki, gazte eta helduentzako beste hiru, hi­ru musika emanaldi eta hel­duentzako dantza ikus­ki­zun bat, familian egite­ko dan­tza tailerrarekin batean.

Kontzertua, ostiralean
Hasteko, ostiral honetan, gaueko 22:00etan Milagrosan izango da kontzertua: Petti eta Etxeko Uzta. Maiatzean kale­ra­tutako Hotzikarak diskoa aur­keztuko dute. Sarrerak sal­gai daude dagoeneko, Biterin.
Era berean, urriaren 20an Su izan nahi ikuskizuna izan­go da, gazte eta helduei zu­zendua; arte diziplina bat baino gehiago nahasten dituena. Sarrerak salgai jarri dira, gaur bertan.

Atal berria, eta sorkuntza egonaldiak
Udazkeneko programazio ho­nek bi berrikuntza nagusi dauzkala nabarmendu zuten atzoko aurkezpenean. Batetik, Nahastekak atala jarri dute martxan; atal honen baitan eskainiko den aurreneko ikus­kizuna izango da, hain zuzen, Su izan nahi. «Diziplina ezber­dinak ikuskizun bakarrean el­kar­tzea da helburua», azaldu zuen Etxeberriak. «Ez da ohi­koa, eta horregatik,  uste dugu publikoa ere ez dela ohi­koa izango. Aukera emango du beste publiko bat erakartzeko; bereziki, gazteak».
Bestalde, sorkuntza egonal­diak Hernanin egiteko aukera zabaldu da aurten. «Herritarrak ikusle izaten dira normalean, baina oraingoan sormen pro­zesuetan hartu ahal  izan dute parte», azal­du zuen Etxebe­rri­ak. «Pro­duk­zio eta sormen pro­zesuan par­te hartzeko aukera izan du he­rri­tar talde batek». Hori izan da, Oa-huetak haur antzer­kia­ren kasua, eta baita Koader­noa Zuri helduentzako antzer­kia­rena ere.

Bi erronka
Era berean, bi erronkari aurre egiten saiatu direla ere azaldu zuten. Batetik, «musika estilo desberdinetako kontzertuen bidez, publiko zabalagora iris­tea», Aizpuruk azaldu bezala. Horrela, Pettiren kontzertua, Milagrosan eta gauez antolatu dute. «Milagrosa gauez pro­ba­tu nahi izan dugu, rock es­ti­loko kontzertu honekin».
Bestalde, haurrentzako an­tzer­ki eskaintza zabaltzen saia­tu dira. «Adin tarte des­ber­dinei erantzuten saiatu ga­ra, eta gaz­tetxoentzat zerbait lortzen saia­tu gara, ez baita erraza 10 urtetik gorakoentzat zerbait lortzea», zehaztu zuen Aiz­pu­ruk. Zentzu honetan, Go!azen! 3.0 telesai­lean oina­rri­tutako antzerkia ikus­teko au­kera izango da, 7-12 urte ar­te­ko gaztetxoentzako zu­zen­­dua. «Udaz­kena hostoen eror­­ke­ta­re­kin lotzen dugu, baina loratua dator, oso pro­gramazio era­kar­ga­rriarekin», aipatu zuen Etxeberriak.

UDAZKENEKO PROGRAMAZIOA

Hernani’n Musik
-Petti eta Etxeko Uzta. Urriaren 14an, 22:00etan Milagrosa kaperan. Sarrerak salgai, 7 eurotan.
-Xarnege. Azaroaren 24an, 20:00etan, Biterin. (Sarrera: 7 euro).
-Neighbor. Maite Larburu hernaniarra eta Josh Cheatham seattledarra. Abenduaren 15ean, 20:00etan, Biterin. (Sarrera: 7 euro).

Gazte eta helduentzako antzerkia
-Su izan nahi. Urriaren 20an, 20:00etan Biterin. Nahastekak atal berriaren barruan; arte diziplina desberdinak nahastuko dituzten ikuskizunak. Sarrerak salgai, 7 eurotan.
-Koadernoa Zuri. Azaroaren 15ean, 20:00etan Biterin. (Sarrera: 7 euro).  
-Mami Lebrun. Azaroaren 17an, 20:00etan Biterin. (Sarrera: 7 euro). Bertan hartuko du parte Ainara Ortega aktore eta musikari hernaniarrak.

Dantza ikuskizuna
-Oskara. Kukai dantza konpainia eta Erramun Martikorena, azaroaren 16an, 20:00etan Biterin. (Sarrera: 7 euro).
-Dantza tailerra familian. Kukaiko dantzarien eskutik, azaroaren 9an, 18:00etan, 4-8 urte bitartekoentzako eta gurasoentzeko. Izenematea, azaroaren 2tik 8ra, Biterin.

Haur antzerkia
-Mobydick. Urriaren 29an, 12:00etan Biterin. Sei urtetik gorakoentzat aproposa. (Sarrera: 2,70 euro).
-Max txikia. Azaroaren 19an, Biterin. Bi saio: 11:00etan bat eta 12:15etan bestea. Bat eta lau urte bitartekoentzat aproposa. (Sarrera: 2,70 euro).
-Mari Kixkur eta hiru hartzak. Azaroaren 26an, 12:00etan Biterin. Bost urtetik gorakoentzat aproposa. (Sarrera: 2,70 euro).
-Go!azen 3.0. Abenduaren 28an, 18:00etan Biterin. Zazpi eta hamabi urte artekoentzat aproposa.

Bestelakoak: Santa Zeziliako kontzertuak, Musika Eskolako entzunaldiak...

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!