Logoa eta webgunea berritu ditu musika eskolak, «eguneratze prozesu oso ona eta lan haundia eginda»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 1a, 02:00

Aldaketa sakon bat egin berri du Norberto Almandoz musika eskolak, komunikazioaren arlo­an; zehazki, komunikazio plan berria aurkeztu zuten ostegunean: «oso eguneratze prozesu ona egin da, eta lan haundia».
Horrela, logo berria dauka musika eskolak, eta baita web orrialde berria ere. Gainera, orain komunitate kudeatzaile edo community manager bat daukate, web orria elikatzeaz, sare sozialetaz, eta oharrak bidal­tzeaz eta komunikazioaz arduratuko dena.

Irudi korporatibo berria, «nortasun baten bila»
Irudi korporatibo berria sortu du, beraz, musika eskolak: «garaia bazen, horri buelta bat emateko», azaldu zuten aurkezpenean. Irudi berria sortzeko, «nortasun baten bila» aritu dira, «barrura zein kanpora begira identifikatzeko musika eskola», eta proposamen ezber­dinen artean aukeratu zuten logo berria, bi koloretan: beltza eta berdea, «betidanik musika eskolarekin lotura izan duen kolorea», nabarmendu zuten.
Logo berriarekin, dagoeneko egin dituzte txartelak, kamixetak... eta musika eskolaren arlo guztietan txertatu dute.

Figura berria, sare sozialetaz eta web orriaz arduratzeko
Figura berri hori ere aurkeztu zuten ostegunean, community manager edo komunitate ku­deatzailearena. Dagoeneko la­nean da, eta aurrerantzean, bera arduratuko da web orria elikatzeaz, eta baita sare sozialetaz ere: «bultzaka eramaten genituen orain arte, eta jarraikortasun bat bilatu nahi dugu sare sozialetan, modu eraginkorrean erabiltzeko».
Community manageraren ardura izango da musika eskolaren komunikazioa ere; oharrak eta jakinarazpenak bidal­tzea, besteak beste. Eta erabil­tzaileen eskaerei ere erantzungo die berak.

‘www.name.eus’, aukera asko dauzkan web orria
Web orrialde berria da musika eskolaren nobedade nagusietako bat: www.name.eus. Elebi­du­na da, eta bertan jasotzen dira, musika eskolari buruzko informazioa, albisteak, eta ha­rremanetan jartzeko aukera, musika eskolarekin edo irakasleren batekin. Baina beste aukera asko ere eskaintzen ditu web orrialde berriak.
Horietako bi dira matrikula online egiteko atala, aurten martxan jarri dutena; eta lan poltsa atala. Bertan, musika eskolan lan egin nahi dutenek, aukera izango dute beraien berri emateko, datuak eta erreferentziak bidalita: «dagoeneko, gainera, jaso ditugu bi eskaera, bide ho­rretatik», azaldu zuten.
Elkartruke eta salmenta atala izango da beste nobedade bat: «askotan gertatzen da, semeak edo alabak ez duela instrumentu bat gehiago erabiliko, eta zer egin ez dakigula. Ba atal horretan jarri daiteke eskaintza, saltzeko».
Argazkiak (musika eskolaren Flickr kontuan daudenak) eskatu nahi dituenak ere ba­dau­ka bere txokoa horretarako, webgune berrian. Eta eskolan lantzen diren partitura guztiak, ikusgai egongo dira.
Modu berean, ikasleen txo­ko bat garatzeko ideia ari dira haus­nartzen: «intranet moduko bat litzateke, ikasle-irakasle harremanetarako. Eta aukera polita da, baina ikusi behar dugu merezi duen, eta arrakasta izan dezakeen», azaldu dute musika eskolatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!